#0KM - Berton bertokoa

Kimetz Garate Azurmendi: "Txikitatik jan dituzten pastelak aurkitu nahi dituzte familiek"

Iker Torre Navarro · Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 25a, 09:00

Zurikaldai gozodendaren seigarren belaunaldiaren parte da Kimetz Garate Azurmendi. Izan ere, 100 urte baino gehiago pasatu dira Martina de Zurikaldaik lehenengo gozodenda sortu zuenetik, eta, egun, Areetan, Negurin eta Algortan aurki ditzakegu horren negozio ezberdinak gure eskualdean. Neguri Hiriburuko kalean kokatzen da Garateren Zurikaldai gozodenda, eta bere esanetan, pastelak eta bestelako gozoak sortzeko orduan funtsekoena da "kalitatezko osagaiak" erabiltzea.

Zurikaldai familiaren hastapenak txokolategi gisa izan ziren: "Martina de Zurikaldai txokolategi batekin hasi zen Aguirre familiarekin batera: Chobil, chocolates bilbainos marka zuten. Bere garaiarentzako oso aurreratua zenez,  Ameriketatik txokolateak ekartzen hasi zen. Hala ere, berak gozotegi bat sortu nahi zuen, baita urdaitegi bat ere", azaldu digu Garatek. 14 seme-alaba izan zituen, eta horietako bat hil egin zen. Orduan, bere semearen alarguna zen Concha Abaitua eta Martina de Zurikaldaik Bilbon lehenengo gozotegia sortzea erabaki zuten 1896. urtean. 

Ordutik, familia-negozioa "guztiz" aldatu dela aitortu digu Garatek: "Lehen, jaunartze eta ezkontzetan beti zegoazen pastelak, eta igandetan horiek erostea eta jatea ere guztiz normala zen. Egun, familiak txikiagoak izaten dira eta kontsumo-ohiturak aldatu dira. Hala ere, egia da Sopela bezalako herri txikietan oraindik tradizioa dagoela pastelak auzokoei eta lagunei eramateko".

Pastelgilearen esanetan, euren pastelak egiterako momentuan funtsekoena da "kalitatezko osagaiak" erabiltzea. Hala, euren errezeta tradizionalakaz jarraitzen dute, betiere gauza batzuk "egungo garaietara" moldatuz: "Urte asko egon gara gauzak ondo egiten eta horrela jarraitzen ahalegintzen gara. Azkenean, Negurin nahiko tradizionalak dira familiak eta nahi dutena da txikitatik jan dituzten pastelak aurkitu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun