Elkarrizketak

Indabada antolatzeko lan-taldea: "Aurten belaunaldi aldaketa datorrenez, ideia berriekin gatoz, betiere gure ohiturak mantenduz"

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 24a, 11:29
24. Indabada antolatzeko lan-talde motorra. © INDABADA

Getxoko eta inguruko gazte askoren erreferente bilakatu den aldarrikapen- eta jai-eguna ospatuko dute zapatuan, urriaren 28an, Algortan: Indabada. Aurtengoa 24. edizioa izango da eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi hamarkadotako belaunaldien arteko topaketa izatea du helburu. Joan den astean jarri zituzten herri-bazkarirako tiketak salgai, eta, aurten, inoiz baino arinago saldu zituzten sarrerak. Hori ikusita, esperokoa da jendez lepo topatzea Algortako erdigunea zapatu honetan.

“Indabadaren alde, ez da debalde!” goiburuaren pean, 24. Indabada ospatuko duzue urriaren 28an. Zer esan nahi izan duzue lema horrekin?

Aurtengo Indabadaren helburua egitasmoak suposatzen duen antolakuntza eta lanketara jende berria gonbidatzea izan da. Hortaz, lelo honen bidez, horretan herriaren parte hartzeak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan dugu, jai hau denok egiten dugula adieraziz eta denok gure aldetik jarri behar dugula aldarrikatuz, Indabada ez baita gutxi batzuen indarrarekin lortzen.

Zelan definituko zenukete Indabada?

Indabada herritik sortu eta herriarentzat egindako aldarrikapen-jai egun bat da. Auzolana eta autogestioaren baloreak oinarri, kaleak eta espazio publikoak herriarenak direla aldarrikatzen dugu, eta, bide batez, une bakoitzean herriak pairatzen dituen arazoak azalarazi eta lantzen ditugu.

Izan ere, hitzordu hau jai huts bat baino gehiago izateko asmoz jaio zen orain dela bi hamarkada baino gehiago, ezta?

Esan bezala, Indabada oso lotuta egon da beti espazio publikoa herriarena dela aldarrikatzearekin. Horrekin batera, okupazioak ere lotura garrantzitsua izan du beti. Izan ere, Indabadaren sorreran Sastraka gaztetxearen huste-garaiak izan ziren, eta hurrengo urteetan lotura hori mantendu izan du herrian izandako bestelako proiektu okupatu eta autogestionatuekin.

Aldarrikapen horiekin 24 urteetan zehar jarraitu dugu, eta borroka honetara beste hainbat aldarrikapen gehitu izan dira, hala nola preso politikoen askatasunaren aldekoa; errepresioaren eta hirigintza planen kontrakoa; eta MTVaren kritika. Izan ere, hitzordu hau guk nahi dugun herri eredua sortzeko eguna da, ez jai hutsa.

Aurten, adibidez, Palestinako herriak bizi duen sarraskiaren aurrean gure elkartasuna adieraztea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun eta, horregatik, aurtengo argazki solidarioa Palestinaren alde egingo dugu arratsaldeko 18:00etan. Horretaz gain, datozen asteetan Euskal Herrian dauden hitzordu mobilizatzaileei gure babes eta sustengua adieraziko diegu Indabadaren egunean, hala nola azaroaren 4an euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean Kontseiluak deitutako herri erantzuna edota azaroaren 30ean Euskal Herrian deituta dagoen Greba Feminista Orokorra.

"Indabada guk nahi dugun herri eredua sortzeko eguna da, ez jai hutsa"

Herri-bazkarirako, gainera, gertuko produktuek garrantzia izan ohi dute, ezta?

Arestian aipatutakoaren harira, Indabada herritik eta herriarentzat eraikitako jai bat denez, herriko produktuak erabiltzea berebizikoa da. Hortaz, herriko komertzioetan eta eskualdeko agroasanbladetan lortzen ditugu produktu gehienak.

Zelakoa izango da aurtengo edizioa?  

Aurten belaunaldi aldaketa datorrenez, ideia berriekin gatoz, betiere gure ohiturak mantenduz. Batetik, goizeko eskaintzan, urteroko txotxa eta Patxarangarekin batera sorpresa berriak izango ditugu. Bestetik, arratsaldeko eskaintza kuadrillak nahastean eta jendea jolas eta dantzan jartzean egongo da oinarritua; sari banaketa ere izango dugu eta tokiko taldeez musikaz gozatzeko, bestek beste. Animatu eta hurbildu!

24. aldia izango da aurtengoa eta, hala, urteotan guztiotan bizi, parte-hartu eta egondako belaunaldien arteko tartea gero eta handiagoa da. Nabari duzue hori antolaketa-lanetan?

Normala den bezala, belaunaldi aldaketa garrantzitsu baten aurrean gaude eta, aurten, bereziki, bai parte hartzean, baita lan taldeetan ere, aurpegi eta belaunaldi berriak sartu egin dira, modu positiboan ideia berriak emanez eta ekiteko gogo handiz.

Nori begirako hitzordua da hau?

Aurten denok eguraldiari begira egongo gara, ziurrenik. Bromak alde batera utzita, Indabada herria egiten dutenentzat da, hau da, herri eredu parte-hartzaile, feminista, askatzaile, euskaldun eta ekologista baten alde dauden herritarrak biltzeko hitzordua da. Beraz, eredu honekin bat datorren herritar oro ondo etorria izango da.

Zelan antolatzen duzue hitzordu hau? Badago hasieratik dagoen jendea zeregin horretan?

Asanblada irekien bitartez antolatzen da Indabada eta, beraz, pertsona oro ongi etorria da antolaketan parte hartzera. Aurten, lantaldeei garrantzi berezia eman diegu, eta emaitza positiboa izaten ari dela esan dezakegu.

Talde motorra belaunaldiz belaunaldi aldatzen doan arren, sukaldeko lantaldean lehenengo Indabadan lanean aritu izan ziren kide asko daude. Zentzu handi batean, haiek dira erreferente, eta hasierako pausoekin lotura mantentzeko oso garrantzitsuak dira, baita zenbait oroitzapen bizirik mantentzeko eta transmisio lana egiteko ere.

Lan-talde bat dago antolaketa-lanetan, baina auzolanak garrantzi handia du Indabadan. Zelakoa izan ohi da jendearen parte-hartzea horretan?

Herriak egun hau asko maite du eta hori sarreren berehalako salmentan argi ikusi da. Jendeak egunean bertan parte hartzeko eta ondo pasatzeko gogoa duen arren, azkenengo urteetan Indabadaren aurreko eta ondorengo egunetan prestaketa- eta sortze-lanetan jarduteko parte-hartzea xumeagoa izan dela ikusi dugu. Aurten bereziki problematika honi heldu nahi izan diogu eta, asanblada irekien bidez, jendea barne lanketara gonbidatu.

Uste dugu lortu dugula. Izan ere, asanbladak nahiko jendetsuak izan dira eta egunean jendeak bere indarrak gehitzeko gogoa erakutsiko duenaren esperantza dugu!

Berau antolatzeagatik Getxoko Udalaren jazarpena pairatu dute antolaketa lanetan aritutako hainbat kide, baita isunen bat jaso ere inoiz. Zelakoa da gaur egun Udalarekiko harremana Indabada antolatzerakoan?

Egitasmo honi dagokionez, urte askotan zehar egia da Udalak trabak baino ez dituela jarri, bai isunak baita jazarpen fisikoa ere erabiliz. Baina esan beharra dago, aurtengo urteari begira, Txiki Otaegi plazan jarritako aldamio erraldoia kenduta, oztopoak ez direla asko izan eta Udalaren koordinazioa egokia izan dela.

Algortako –eta inguruotako– gazte askoren erreferente bihurtu da Indabada. Zein izan da gakoa?

Inguruetako jai eta egun berezien artean Indabada belaunaldi asko biltzen dituen egitasmo bakarrenetarikoa dela esango genuke. Hori da egun hau berezia egiten duena. Hau da, 20 urteko aldea duen jendea plaza berean, aldarrikapen berdinen alde, plater beretik jaten ikustea, oso irudi polita da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun