Oposizioak gogor kritikatu du Getxoko gobernu-taldeak aurkeztutako Legegintzaldi Plana

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 26a, 10:59

Egitasmo horretan 103 ekintza, 20 erronka eta 10 ardatz aurreikusi ditu Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE), datozen lau urteetan egikaritzekoak. Horiek, baina, eznahikoak direla deitoratu dute PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Legegintzaldi Plana "propagandistikoa eta etsigarria" delakoan, besteak beste.

Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute martitzenean Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) aurkeztutako Legegintzaldi Plana. PPren arabera, legegintzaldi-plan bat baino, "2024ko aurrekontuak dirudite", popularrakaz horiek aurrera ateratzeko akordioan barne hartzen direlako hainbat puntu, hala nola Areetako aparkalekua eta ludoteka. Era berean, deitoratu du herritarren bizi-kalitatea hobetzeko hainbat proiektu "airean" gelditu direla, besteak beste, Portu Zaharrerako Plan Integrala, "gobernu-taldeak inguru hori ahaztuta baitu". Gainera, popularrek gogoratu dutenez, "gu gabe ezinezkoa izango dute HAPOan aurrerapausoak ematea edota zaborraren kudeaketan aldaketak egitea; beste alderdi baten babesa behar dute".

EH Bildurentzat, aurkeztutako Plana "erabat propagandistikoa" da: "Ez du inolako anbiziorik, orain arteko inertzietan galduta jarraitzen dute eta plangintza bat baino, aurrekontuen azalpen hutsa baino ez da". Koalizio abertzaleak azpimarratu du behin baino gehiagotan ohartarazi duela gobernu-taldea "noraezean" dagoela, eta ohartarazi du orain gutxiengoan dagoenez "gero eta kontserbadoreagoa eta eskuindarragoa" dela, "PPrekin akordioak bilatzen ari delako: Horren lehenengo adibidea politikarien soldatetan izan genuen; bigarrena aurrekontuetan; eta hirugarrena Getxoko HAPOn izan daiteke".

Neurri zehatzei dagokienez, EH Bilduk salatu du Emakumeen Etxeak aspaldi irekita egon beharko lukeela eta Azkorri babestuko dutela esan arren, Andra Mari ingurua "porlanez betetzeko asmoa dutela, baserriak eraitsiz". Errekaganen garatuko duten proiektuaren harira, koalizio abertzaleak deitoratu du ez dutela kontutan hartuko bertako auzokideak eta gazteak ezer adosteko, "Udalak ez zituelako bere akordioak bete". Era berean, azpimarratu du aurreikuspenetatik kanpo gelditu direla, besteak beste, dendari txikiak babesteko neurriak, "erabat ahaztuta geratu direnak", eta etxebizitza hutsak mobilizatzekoak.

Azkenik, Elkarrekin Podemosek deitoratu du, dokumentu gisa, Plana "etsigarria" dela, "Getxo Fiturren aurkezteko panfleto turistikoaren antzekoagoa; postaleko argazki asko eta auzoentzako eta herritarrentzako neurri gutxi". Aurkeztutako ekintza guztien artean, koalizio moreak azpimarratu du askotan "mantentzea, jarraitzea, indartzea..." esaten dela, eta oso gutxi "egitea". Horrez gainera, salatu du neurri asko falta direla, eta beste hainbat "zehaztu barik" daudela, hala nola Azkorri ingurua babestearena: "Nola babestuko da Azkorri? Legez kanpoko biribilguneekin?".

Hala ere, Elkarrekin Podemosek ontzat hartu du bere taldeak azken urteetan egindako proposamen batzuk Planean agertu izana, "hori bai, beti horien aurka bozkatu dutenak, autokarabanentzako aparkalekua eta gazteentzako aterpetxea, esaterako. Beti berdin gertatzen da: behin eta berriz ezetz esaten dute eta, azkenean, haien beharra eta egokitasuna aitortzen dute".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun