Legegintzaldi Plana

Etxebizitza publiko gehiago, ekipamendu berriak eta hiri autobusa, datozen lau urteetarako proiektu nagusien artean Getxon

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 23a, 13:24

Amaia Agirre alkatea eta Carmen Diaz zinegotzia, gaurko aurkezpenean.

Getxoko Udaleko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) 2024-2027 aldirako Legegintzaldi Plana aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, baita gainontzeko udal-talde politikoei entregatu ere. Horretan, arduradunek azaldu dutenez, 10 ardatz estrategiko, 20 erronka eta 103 proiektu nagusi aurreikusten dira, hala nola Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria onartzea, etxebizitza publikoa sustatzea, Azkorriko ingurune naturala babestea, Areetan aparkaleku berri bat eraikitzea eta Emakumeen Etxea inauguratzea.

Amaia Agirre alkateak eta Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotzi eta bigarren alkarteordeak eman dute ezagutzera gaur Legegintzaldi Plana, azpimarratu dutenez, getxoztarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuko duena, baita Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak egokitu ere. "Gaur aurkeztutako Plana Udalak Getxon bizi diren pertsonekin hartzen duen konpromiso berri bat da. Herritarren ametsei eta beharrei zorroztasunez, eraginkortasunez eta erantzukizunez erantzungo dien Udala izan nahi dugu", adierazi du alkateak.

Agintariek azaldu dutenez, Legegintzaldi Plana kudeaketarako tresna da, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunean oinarritzen dena. "Getxoztarren beharretan oinarritutako hiri-eredu baterantz aurrera egin nahi du, giza garapen iraunkorrarekin konprometitua, sozialki kohesionatua eta solidarioa; balio handiko garapen ekonomikorako estrategia espezifikoen aldeko apustua egiten duen hiria, tokiko talentua, sormena eta espiritu ekintzailea bultzatzen dituena, tokiko garapen integralaren motor gisa", Agirreren berbetan.

Nabarmendutako 10 proiektu

Legegintzaldi honetan tokiko garapena sustatzeko lehentasunezko 103 ekintza eta ekimenen artean, arduradunek 10 proiektu nabarmendu dituzte. Iragarri dutenez, HAPO berriaren fase desberdinak onartuko dituzte, baita etxebizitza publikoa bultzatuko duen Etxebizitza Plana ere, Eusko Jaurlaritzagaz batera, 2030ari begira. Puntu horri dagokionez, alkateak zehaztu du aurreikusita dagoela eraikiko diren etxebizitza guztien % 66 publikoak izatea, "tipologia guztietan, hau da, alokairu publikoan, alokairu sozialean eta tasatuan". Era berean, Azkorri ingurua natura-baliabide gisa babesteko konpromisoa hartu dute agintariek, "naturagunearen % 60tik gora babestuz".

Horrez gainera, udalerriko aparkaleku-arazoari aurre egin guran, Areetako Mesedeetako kalean parking berri bat eraikitzeko proiektua garatuko dute, hala ere, oraindino ez dute zehaztu zenbat leku hartuko dituen azpiegitura berri horrek. Bideak garbitzeko eta hiri-hondakin solidoak biltzeko zerbitzu berri bat abian jartzea ere aurreikusi dute, "ingurumen-iraunkortasunaren eta ekonomia zirkularraren irizpideekin". Hauteskunde-garaian udal-talde gehienek proposatutako hiri-autobusa martxan jarriko dute baita ere, tokiko garraio-publikoaren konexioak onak izan arren, apur bat aldenduta gelditzen diren auzoak lotu ahal izateko, azaldu dutenez.

Herritarrentzako ekipamendu berriak ere aurreikusi dituzte: daborduko amaituta dagoen Emakumeen Etxearen inaugurazioa, GUrari etxea izenekoa, eta baita haur, nerabe eta gazteentzako lokal berriak ere, hala nola ludoteka bat Algortako Felix de la Virgen kalean, haur-eskola bat Itzubaltzeta/Romon eta zentro bat Errekaganen. "Azken hori oso proiektu ilusionagarria da, haurtzaroarekin zerikusia duena, jolasak eta jarduerak ahalbidetzen dituen espazio bat baldintza klimatologikoek laguntzen ez dutenean", adierazi du Diazek.

Horiekaz batera, kulturarako eta kirolerako gune berriak eraberritzea edota eraikitzea planifikatu dute, besteak beste, Areetako Andres Isasi Musika Eskola hobetzea, Algortako Zubilleta-Aldapa inguruan erabilera anitzeko gune bat sortzea eta Fadura Kirol Parke Barria gauzatzea.

Azkenik, oinarrizko Gizarte Zerbitzuei bultzada berria ematea eta prestazioen bulego berri bat sortuko dute.

Beste ekintza batzuk

Gainera, gaur aurkeztutako dokumentuak ingurumen, gizarte-zerbitzu eta ekonomiari lotutako askotariko ekintzak biltzen diru; esate baterako, energia-eraginkortasuna hobetzea eta natura-baliabideen kontsumoa arrazionalizatzea, gazteen emantzipaziorako laguntzen gorakada, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntza psikologikoa eta juridikoa emateko zerbitzua zabaltzea, mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzuko eta etxebizitza komunitarioetako plaza berriak sortzea, Getxoko Merkataritza Berpizteko Plan Berezi berria (PERCO), aurrekontu parte-hartzaileak indartzea, auzoak hobetzeko "Getxo Txukun" programa hobetzen jarraitzea, euskara sustatzeko Plan berria, euskara eta euskal kultura sustatzen duten ekimenak, elkarteak eta pertsonak bultzatzea edo euskara ikasteko hobariak hobetzea, “Getxo guztiontzako udalerri hobe bat egingo duten beste ekintza askoren artean”.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, EAJk eta PSE-EEk sinatutako gobernu-akordio programatikoan oinarritzen da plana, herritarrek eta udalerriko gizarte-eragileek azken hilabeteotan planteatutako premien diagnostiko bat oinarri hartuta eta PPk legegintzaldiko lehen urtean aurrekontu-arloan sinatutako akordioetatik eratorritako ekarpenak batuta ere. "Hau da, gobernu honek Getxoko eragile politiko eta sozialekin egindako elkarrizketaren eta akordioaren aldeko apustua argi eta garbi adierazten duen plan estrategiko baten aurrean gaude, udal-kudeaketa bultzatzeko eta bideratzeko oinarrizko tresna gisa", adierazi dute agintariek. Ildo horretan, Carmen Diazek gaineratu du “biztanleriarekiko benetako konpromisoa dela, helburu argi, zehatz eta neurrigarriekin. Gizartearen errealitatera eta gure bizilagunen beharretara egokitutakoa".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun