Getxon eraikiko dituzten etxebizitzen bi heren babestuak izango direla gogoratu du gobernu-taldeak

Erredakzioa 2024ko mar. 1a, 10:31

Udalerrian eraikiko dituzten etxebizitzen bi heren babestuak izango direla nabarmendu zuen atzoko osoko bilkuran Getxoko gobernu-taldeak (EAJ-PSE), "2030 urteari begira Udal Etxebizitza Planean jasotzen denaren arabera". Udalbatzaren eztabaidaren zati handiena mozioen atalak hartu du eta, horretan, hainbat proposamen onetsi eta baztertu dituzte.

Lekukotza gisa, PPren bi mozio onartu zituzten atzo, bata Artisautza Azoka berreskuratzeko eta, bestea, herritarrei iruzur informatikoak prebenitzeko prestakuntza eta informazio jarduerak egiteko. Bestalde, Elkarrekin Podemosen beste bat onetsi zuten, etorkizuneko komun publikoetan aldagailu inklusiboak jartzeko.

Etxebizitzaren gaiak mozioen eztabaidaren zati bat hartu zuen berriro ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek elkarregaz aurkeztutako mozio baten bidez, Kaleratzeak Stop elkartearen mozio bat bere eginez, hutsik dauden etxebizitzei kanona ezartzeko beharrezko izapideak abian jartzeko eta alokairu librearen merkatua eta alokairu soziala bultzatzeko beste neurri batzuk hartzeko. Proposamena egin duten bi alderdiek gogoratu zuten Getxon 900 etxebizitza hutsik daudela, eta Bizkaiko udalek kanon hori aplikatzen ez dutela onartu arren, azpimarratu zuten uste dutela beharrezkoa dela neurriak aplikatzea eta konpromisoak hartzea Getxon hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko.

PPk mozioaren aurka bozkatu zuen, eta esan zuen galdetu beharko litzatekeela zergatik jabeek ez dituzten alokatu gura, “eta etxebizitza eskuratzeko arazoari irtenbidea alokairuko etxebizitzen eskaintza handiago batean bilatu beharko litzatekeela, eta etxebizitza hutsen jabeak babestuko dituzten legezko neurriak ezarri beharko liratekeela”.

Bestalde, gobernu-taldeak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) onartzearen eta etxebizitzaren arazoari erantzuteko Etxebizitza Plana garatzearen alde egin zuen. Ildo horretan, gogoratu zuen Getxon eraikiko diren etxebizitzen bi herenak babestuak izango direla, eta beste neurri batzuk ere aipatu zituen, hala nola Alokabideren hitzarmena hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko, gazteentzako alokairurako laguntzak, etorkizuneko zuzkidura-bizitokiak eta abar. Hala ere, PSE-EEk mozioa babestu zuen, baina EAJk atzera bota zuen. Lehenengoak kanon hori hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko beste neurri batzuen osagarri gisa ikusten zuen, eta bigarrenak, berriz, zerga-karga hori zalantzan jartzen duten epaiak daudela uste zuen.

Onartutako mozioak

Artisautza Azoka berreskuratzeko mozioari dagokionez, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesa izan zuen. Gobernu-taldeak, aldiz, kontra bozkatu zuen, esanez Kultura Plan Estrategikoak “adierazten zuela gehiago joan behar genuela herriko sorkuntzara eta kultur eragileetara (banakako eragileak, elkarteak, konpainiak, musika taldeak etab.), merkatuak antolatzera baino”.

Prestakuntza ekintza informatikoak bultzatzeko PPren beste mozioari dagokionez, gainerako alderdiek (abstenitu egin ziren) adierazi zuten daborduko Getxon eskaintzen direla, dauden KZGuneen bidez, adibidez.

Onartutako azken mozioak, Elkarrekin Podemosenak, Algortako Telletxe plazako eta Portu Zaharreko etorkizuneko komun publikoetan higiene pertsonalean laguntza handia behar duten pertsonentzako aldagailu inklusiboak jartzea eskatzen zuen, eta, horrez gain, aurten gutxienez aldagailu inklusibo mugikor bat izateko lanean jarraitzea, hondartzetako, jaietako, jaialdietako… denboraldiari begira. Ildo horretan, Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuen Arlotik gogorarazi zuten Udala harremanetan dagoela elkarte bategaz, merkatuan dauden elementuak partekatu ahal izateko eta hasierako entsegu moduan modulu aldatzaile inklusibo bat ezartzeko erabakia kontrastatzeko.

2023ari dagokion % 0,5eko ordainsari-igoera osagarria

Bestalde, osoko bilkura honetan, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean xedatutakoaren arabera, urte horri dagokion % 0,5eko ordainsari-igoera osagarria onartu zen funtzionarioentzat, lan-kontratuko langileentzat eta udal-talde politikoetako aholkularientzat. EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoak izan zituen eztabaida horrek; EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun