#0KM - Berton bertokoa

Arantza Etxebarria: "Garrantzitsua da dentistaren eta pazientearen arteko konfiantza harremana sortzea"

Ander Zarraga 2024ko mar. 6a, 13:02

Odontologo orokorra da Arantza Etxebarria, eta 30 urte baino gehiago daramatza Algortako kontsultan askotariko zerbitzuak ematen. Bere lana "antzinako familia-medikuen modukoa" dela dio, pazienteekiko konfiantzan eta hurbiltasunean oinarritzen baita.

Arantza Etxebarriak 1992an ireki zuen bere kontsulta, "apur bat kasualitatez" odontologoa egin zenean, hasiera batean, medikua izateko asmoa baitzuen. Urte hauetan guztietan oso pozik aritu izan dela kontatu du, eta hasieran, bere amaren laguntza ere izan bazuen ere, denbora gehiena bere kabuz egon da: "Nik egiten dut dena: odontologoa naiz, idazkaria, administratzailea.... Hala ere, horri esker malgutasuna izaten dut lanean, eta adibidez, pazienteren bat oso txarto badago ordutik kanpo ere artatu dezakedalako".

"Odontologo orokorra naiz, hau da, kontserbazioak, erauzketak, endodontziak, protesiak eta ortodontziak egiten ditut, beste batzuen artean", azaldu du. Bera hasi zenetik odontologiako arlo batzuk asko aldatu direla azaldu du, "ni hasi nintzenean inplanteak ez ziren existitzen eta erradiologia bezalako kontu teknikoetan ere aurrerapen asko egon dira, baina beste arlo batzuetan ia berdin jarraitzen dugu, ez da hainbeste aldatu". 

"Nire bezero asko hasieratik daude nirekin, urte asko daramatzat beraiekin, baina oraindik ere berriak etortzen zaizkit; esate baterako, duela gutxi bikote bat etorri zait, beraien dentista erretiratu delako, eta niregana etortzea gomendatu zielako", kontatu du.

Aitortu du pertsona nahikotxori beldurra ematen diola dentistarengana joateak, "horregatik, garrantzitsua da dentistaren eta pazientearen arteko konfiantza harremana sortzea, berba egitea eta hurbileko erlazio hori badago gauzak erraztu egiten dira".

Bera antzinako familia-medikuen modukoa dela dio, hurbiltasun hori asko balioesten duelako; hala ere, mota horretako odontologoak galtzen ari direla deitoratu du, "orain dentista oso gutxik muntatzen dute beraien kontsulta, nahiago dute beste klinika batzuentzako lan egin edo arlo batean espezializatu". Lehen, berarena bezalako kontsulta txiki bat traspasatzea "oso erraza" omen zela dio, baina gaur egun denak ari dira desagertzen; hiru urte barru bera erretiratzen denean, berarena ere desagertuko dela baieztatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun