Panda Raid 2024

Arazoak arazo, Panda Raid-a amaitu dute Fadurako raiderrek: "Harro gaude egindakoaz"

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 11a, 19:18

Lasterketa bananduta amaitu arren, 2024ko Panda Raid orientazio-proba mendean hartu eta amaieraraino egin dute aurrera Fadura LHII institutuko irakasle eta ikasleek. Ikasturtean zehar prestatutako bi kotxe iritsi dira lehenengo Tangerrera, eta bezperan matxuratutako hirugarrena heldu da beranduago, behin arazoak konponduta. "Sufritu dugunaren ostean, harro egoteko modukoa da egin duguna", ondorioztatu dute protagonistek.

Askotariko lekuetatik heldutako 350 Fiat Panda inguruk abiatu zuten joan den martxoaren 3an Panda Raid lasterketaren lehenengo etapa, tartean, Fadurako sei parte-hartzaileek, hiru kotxetan banatuta. Pausoz pauso, aurrera egin zuten gure protagonistek; lehenengo egunak arazo barik gainditu zituzten, baina, azkenak, erronkaz beterikoak izan dira.

Eguenean, bosgarren etaparen erdian, matxura izan zuen kotxeetako batek eta, hori dela eta, Risani herrian igaro behar izan zuten gaua, helmugatik 140 kilometrora. Barikuan, martxoaren 8an, 469 kilometroko azkenengo etapa bati egin behar izan zioten aurre, eta horiei bezperan egiteke utzitakoak gehitu behar izan zizkioten, baita etapa horretako helmugatik Tangerrera artekoak ere. "Kilometro asko genituen faltan lasterketa amaitzeko, eta bezperan matxuratutako kotxea guztiz konpondu arte, erabaki genuen hirugarren auto hau herrian gelditzea eta bik aurrera egitea", dio Garikoitz Urizar irakasleak. Hala, bi kotxek aurrera egin zuten bitartean, hirugarrena Risanin gelditu zen, partaideek konpondu bitartean.

Aurrera egin zutenek arrasti aldean iritsi ziren kanpamendura, Atlas osoa zeharkatu ondoren, elurra eta izotz artean, mendiko errepideetatik. Herrian zeuden irakasle eta ikasleak arrastirako lortu zituzten behar zituzten piezak matxura konpontzeko eta, autoa martxan jarri zutenerako, berandu egin zitzaien. "Ordurako irtetea arriskutsuegia iruditu zitzaigun, bidea egoera horretan ez zelako oso segurua", azaldu du Urizarrek.

Hala, segurtasuna tarteko, atzean gelditutako irakasleak eta ikasleak Risanin egin zuten bigarren gaua, eta zapatuan goizeko 05:00etan abiatu ziren Tangerrera, etxera bueltatzeko azken helmuga. "Ordurako kotxea konponduta zegoen, eta oso ondo zihoan. Gauzak horrela, Tangerren elkartu ginen hiru kotxeak, karrera amaituta".

Hartara, arazoak arazo, Algortatik Marokora abiatutako sei raiderrek, irakasle-ikasleek, erronka mendean hartu dute: "Zer-nolako arazoak izan ditugun kontutan hartuta, harro egoteko modukoa da".

© PANDA RAID

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun