Elkarrizketak

Josu Aurrekoetxea: "Ezinbestekoa da euskaraz kontsumitzen duen euskal komunitatea bizirik mantentzea eta handitzea"

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 19a, 12:19
'Odola Kantari' ikuskizuneko sortzaileak: Unai Elorriagak sortu ditu testuak eta Josu Aurrekoetxeak musika.

Odola kantari ikus-entzunezko emanaldiak heriotza, guda eta odola ditu hizpide. Izan ere, testuaren idazle Unai Elorriagak eta soinu-bandaren sortzaile Josu Aurrekoetxeak hurrengo tesia demostratu gura dute pieza honegaz: maitasunari baino, gehiago idatzi zaiola heriotzari eta sufrimenduari. Hala, euskal kulturako hainbat bertso berreskuratu dituzte kontakizun hau osatzeko, euskaratik euskaldunontzako. Aurrekoetxea algortarragaz elkartu gara obraren nondik norakoak lehen eskutik ezagutzeko.

Zer kontatzen duzue Odola kantari emanaldian?

Gure piezarekin erakutsi nahi dugu nahiz eta jende askok uste duen maitasunari asko idatzi eta kantatu zaiola mendeetan zehar, gorrotoari, gerrateari eta sufrimenduari gehiago idatzi zaiola. Horixe da gure tesia, baita aurkikuntza ere. Emanaldiaren azpitituluak dioen moduan, "euskal kantugintzaren tragepedia" da obra: Erdi Arotik hasita, heldu zaizkigun testu eta kantuen errepaso bat egin dugu. Hala, Karlistadetatik Guda Zibilera egon diren letrak aztertu ditugu, gaur egungo bertsoetara heldu arte.

Ikus-entzunezko emanaldia da: Unaik errezitatu eta kantatu egiten du eta nik musika zuzenean jotzen dut. Atzean, ikuskizunean aipatzen ari garen kontakizunari erreferentzia egiten dioten irudiak proiektatzen ditugu.

Odola kantari ikuskizuna.

Beraz, esango zenuke helburua entretenitzea dela edota xede dibulgatzaile nabaria dago?

Helburua ez da dibulgazioa, baina euskaldun bezala egia da eduki eta jakintza interesgarria dagoela berreskuratu ditugun testuetan, eta hori ikuskizunean aurkezten dugu. Xedea euskarazko sorkuntza batekin entretenitzea da; euskaraz kontsumitzeko obrak egitea euskaldunentzako.

Nolakoa da obraren tonua?

Nahiz eta gauza gordinen inguruan berba egin, umore ukituak ditu. Lan ildoa oso dinamikoa da eta ez da tragikoa, nahiz eta gai nagusiak odola, guda eta heriotza izan. Ikuskizun osoan zehar hainbat emozio ukitzen dira.

Testua Unai Elorriagak sortu du, eta zu, musikaz arduratu zara. Nolakoa izan da sormen prozesua?

Iraganean, Unai eta biok elkarrekin lan egin dugu jada. Hasteko, berak idatzitako testua pasatu zidan eta hori irakurri ostean, lanean hasi nintzen banda soinu-banda sortzeko. Testua berria da baina kontakizun hori oinarrituta dago euskal historian eta beste momentu historiko batzuetan sortutako baladetan. Karlistadetan bildu diren bertsoetan, euskal literaturan, benetako gertaeretan inspiratutako bertsogintzan...

Musika proposamen bat sortzean, entsegu batzuk egin ditugu eta ikuskizuna produzitu dugu. Beraz, abiapuntua testua izan da. Soinu-bandak kontakizuna laguntzen eta janzten du eta horretaz baliatuz narrazioan ageri diren emozioak areagotu egiten dira. Esaterako, drama dagoenean tentsio musika sartu dugu.

Zein instrumentu erabili dituzu soinu-banda hori eraikitzeko?

Giro ezberdinak sortzeko helburuagaz, instrumentu ezberdinak nahastu ditut loop baten bidez. Askotan gitarra bat grabatzen dut eta gero horren gainean erabiltzen ditut hiru haize instrumentu ezberdin: txirula irlandar bat, kabal kurdo bat, eta armonikoa bat. Hala, testuak niri iradokitzen didan giroa sortu dut.

Zein izan da piezaren zailtasunik handiena?

Egia da Unai eta biok nahiko ondo moldatu garela lanean. Halere, bakoitza diziplina artistiko batetik gatoz eta zaila izan da gure bi munduak era txukun batean uztartzea, batak bestea zapaldu barik eta elkar elikatuz. Azkenean, uste dugu hori lortu dugula eta testuak eta kantak elkarri laguntzen diote.

Martxoaren 2an Algortan aurkeztu zenuten ikuskizuna. Nolakoa izan zen harrera?

Gure hirugarren emanaldia izan zen eta publikoaren erantzuna oso positiboa izan zen. Emanaldiaren edukia ezberdina da eta publikoa euskalduna da, kontzientea eta euskaraz kontsumitzen duena. Beraz, nik uste jendeak asko eskertzen duela mota honetako ikuskizunak eta sorkuntzak aurrera eramatea.

Sinopsian aipatzen duzue orain arte anonimotzat hartutako bertso-sorta baten egilea deskubritu duzuela. Jendeak nola hartu du informazio hori?

Jendea asko harritu da, jakina. Ikusleek deskubritzen dutenean ez dute ahazten kar-kar. Hori da obrak aurkezten duen sorpresa handienetako bat, baina ez da bakarra. Emanaldiak berak hainbat opari ditu eta egile anonimo hori da gure amua, baina askoz gehiago dago.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Nire ustez ikuskizun konkretu honetatik haratago, garrantzitsuena da euskaraz den kultura bat sortzea. Bizi garen kultura hegemoniko honen aurrean, herri honek bizi eta aurrera egin behar badu, horrelako emanaldi euskaldunak sortu behar dira. Bestalde, apustu bat egin beharko zen instituzio eta programatzaileen aldetik eduki euskaldun hauek programatzeko eta zabaltzeko. Hirugarren hanka gisa, ezinbestekoa da euskaraz kontsumitzen duen euskal komunitate hori bizirik mantentzea, gizarte honen proportzio oso txiki bat delako. Horregatik, helburua da publiko euskaldun eta kontziente hori handitzen ere joatea, eta, zentzu horretan, gure emanaldiak ekarpen handia egiten du; euskal kulturaren unibertso hau apur bat gehiago elikatzen dugu.

Ez dugu ahaztu behar kultura dela gizakiok dugun tresna pentsamendu kritikoa eraikitzeko. Euskaldunok pentsamendu kritiko bat garatu ahal izateko, gutxienekoa da kultura hori gure hizkuntzan eskaini eta jaso ahal izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun