#0KM - Berton bertokoa

Ainhoa Calzada: "Gure bezeroak 0 urteko umeetatik 100 urteko emakumeetara doaz"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2024ko mar. 20a, 09:00

Marsun ile-apaindegiak eta estetikak duela gutxi berriztu du bere irudia, baina bertan eskaintzen dituzten zerbitzuak lehen eguneko kalitate eta hurbiltasuna izaten jarraitzen dute. Ainhoa Calzadak 27 urte daramatza bertan lanean, eta azken 18etan Veronica Rodriguez ere izan du beragaz lanean. Beraiengana joan gara Marsun ile-apaindegia hurbilagotik ezagutzera.

"Ile-apainketako zerbitzu guztiak egiten ditugu: ebaketak, metxak, kolorea, hidratazio-tratamendu desberdinak, haurren eta mutilen ile-apaindegia...", eta horrez gain, kabina estetikoa ere dutela azaldu du Calzadak. Bertan, beste askoren artean, manikurak, pedikurak, depilazioa argizari epelagaz eta aurpegiko depilazioa hariagaz egiten dutela azaldu du. 

Zerbitzu horiek guztiak eskaini ahal izateko, gakoa etengabeko formakuntza dela kontatu du ile-apaintzaileak; izan ere, etengabe ari dira azaltzen diren teknikak ikasten eta beren burua trebatzen. Etengabeko ahalegin horri esker, Bizkaiko Foru Aldundiak ile-apaindegiei ematen dien kalitatearen Q ziurtagiria ere daukatela nabarmendu du Calzadak; "hori jasotzeko baldintzetako bat langileen etengabeko prestakuntza da, baina baita zerbitzuaren kalitatea ere". 

Azaldu duenez, berak lanean daramatzan urteetan ile-apaindegien zerbitzua asko aldatu da, "lehen bizio baten modukoa zen, ile txarrakaz esnatzen zinen eta ile-apaindegira etortzen zinen orraztera, baina orain beste gauza bat da, jende gehiena ez da astero etortzen eta gauza eroso eta praktikoagoak eramaten dira".

Horrez gain, ile-apaindegia harremanak izateko leku bat ere dela azaldu du, bere bezeroetako askok hasieratik daramatelako berarengana joaten: "Jaunartzeetarako neskak orraztu ditugu, gero ezkontzarako orraztera etorri direnak, eta gero haien seme-alabak ere etorri dira gurera". Gainera, azpimarratu du bezeroaren eta ile-apaintzailearen arteko konfiantza ere egotea komenigarria dela, "guk badakigu zer egin behar dugu, beraiek lasai daude eta hemen berbetan aritzen gara eta beraiek pozik ateratzen dira; gainera, urte askoan etorri diren bezeroei badakigu zer geratzen zaien hobeto eta zer egin eta zer ez". 

Gehienbat emakumeen ile-apaindegia eta estetika egiten dute, baina umeen ilea ere mozten dute, "umeei 0 urte dutenetik moztu ahal zaileko. Gure bezerorik nagusiena 100 urte bete zituen emakume bat izan zen, bere urtebetetzean dotore egon gura zuen eta bere etxera joan ginen orraztera".

Marsun maskota bat ere dute: Cachirulo perikitoa, Zaragozakoa denez, bertako zapi tipikoen izena jarri zioten. "Berak ere 12 urte inguru daramatza gugaz, eta asko abesten du, batez ere goizetan, orain udaberria hurbiltzen ari dela". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun