Elkarrizketak

Endika Guarrotxena: "Ez dut uste erraza izango denik, baina parekatuago egongo denez, posible da irabaztea"

Ander Zarraga 2024ko mar. 25a, 09:52
Besteak beste, Endika Guarrotxenak Zaporeak GKEan ere lan egiten du errefuxiatuei laguntza ematen. © ATHLETIC CLUB

1984an, talde zurigorriak irabazi zuen azken Kopan, garaipenareneko gola sartu zuen Guarrotxenak Bartzelonaren aurka. Futbol profesionala aspaldi utzi zuen, eta azken urteotan Sopelako Ander Deuna ikastolan aritu da gorputz-hezkuntzako irakasle bezala. Horrez gain, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina ematen dien Zaporeak erakundearen kidea ere da. Beragaz egon gara, apirilaren 6an Athleticek jokatuko duen Kopako finala nola biziko duen jakiteko. 

Garaipena lortu zenutenetik 40 urte pasatu dira, nola bizi duzu berriz ere Athletic Kopako final batean egotea?

Esango nuke ia-ia ohituta gaudela, beraz, hau ere normaltasunez hartuko dugu. Ez dakit zenbat finalaurrekotara heldu diren azken bolada honetan, hainbat finaletan ere izan dira Bartzelona eta Atletico Madrilen aurka. Azken finala Errealaren kontra jokatutakoa izan zen, pandemiagatik publikorik gabe jokatu zena, hain zuzen. Nik uste dut ohituta gaudela Athletic hor ikustera, eta espero dut hau benetakoa izatea.

Nola bizi izan zenuen garaipen hura, badaukazu oroitzapenen berezirik gordeta?

Kontutan izan behar duzu Kopa irabazi genuenean, aurreko astean Liga ere irabazi genuela, orduan, olatuaren gainean gindoazen. Desberdina zen guztia: bi Liga irabazi zituen talde bat ginen eta finalera lasaitasunez joan ginen, gure indarrez konbentzituta. Nire orduko oroitzapen onena orduan genuen taldea da, benetako talde bat ginen eta hori transmititzen genuen. 

Azken urteetan final bat baino gehiago jokatu dute zurigorriek, oraingoan ezberdina izango dela uste duzu?

Final eta finalaurreko asko jokatu dituzte bai, hala ere, uste dut oraingoan ezberdina izango dela. Aurreko finalak, batez ere, Messiren Bartzelonaren kontrakoa, irabazteko zailtasun handiak izan zituen Athleticek, baina oraingoan uste dut parekatuago egongo dela; ez dut uste erraza izango denik, baina parekatuago egongo denez, posible da irabaztea.

Esango zenuke futbola eta hori bizitzeko modua asko aldatu direla azken urteotan?

Futbola asko aldatu da, ez dauka zerikusirik gure garaiko futbola bizitzeko moduarekin. Kirolak berdina izaten jarraitzen du, estrategia eta taktika eta horrelakoak ez dira asko aldatu, baina inguruan dagoena bai aldatu dela: bai telebista, bai dirua, baita giroa ere. Nik uste dut dena globalizatu dela eta giro berdina dagoela leku batean zein bestean. Ni horrekin apur bat etsita nago, eta pentsatzen dut futbola bestelako gauza bat izan beharko litzatekeela. 

Orain arte Sopelako Ander Deunako irakaslea izan zara, ez? Zure ikasle eta lankideek badakite duela 40 urte zuk sartu zenuela garaipeneko gola?

Jada ez naiz irakaslea Ander Deuna ikastolan, orain erretiratuta nago eta pentsioduna naiz. Eta egia esan ez nuke jakingo esaten nirekin egon diren ikasle eta irakasleek zer pentsatu dezaketen.

Zaporeak GKEan ere aritu zara lanean, nolakoa izan da esperientzia?

Bai, apuntatu nago Zaporeak erakundeagaz, eta ahal dudanean beraiek Lesbosen (Grezia) duten sukaldean aritzen naiz, pentsatzen dudalako beharrezkoa dela hor laguntza ematen aritzea. Jendea etengabe ari da bide horretatik Europara heltzen, eta oso egoera txarrean heltzen dira, horregatik, nik uste dut laguntza behar dutela, eta ni beti egongo naiz horretarako prest.

Beste proiekturen batean ari zara une honetan?

Hor nabil. Kuba da beste herrialde bat, Palestina bezala, bonbarik jaso ez arren, blokeoa ere pairatzen duena, eta horrek min handia egiten dio. Hor nabil pixka bat ahal dudana egiten, futbolaren inguruan ea zerbaitetan laguntzeko aukera dudan; momentuz, lehenengo tanteoak egiten ari naiz, informazioa pasatzeko eta ahal dudana egiten. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun