Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Zerbitzu publikoez eta Osakidetzaz berriro ere "harro" egoteko konpromisoa hartu du Otxandianok Getxon

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 8a, 12:09
Joan den barikuan, apirilaren 5ean, ekitaldi politiko nazionala egin zuen EH Bilduk Algortan. © EH BILDU

Joan den barikuan eman zitzaion hasiera Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainari, eta gure inguruan ekitaldi politikoak egiten lehena izan da EH Bildu. Egun horretan batu ziren Algortako Telletxe plazan, eta bertan berba egin zuten Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigaiak, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Edurne Benito del Valle Bizkaiko hautagaiak.

Algortan egindako ekitaldian, barikuan, Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak "gobernu zintzoa" aldarrikatu zuen, eta Osakidetzarekiko "harrotasuna" berreskuratzeko konpromisoa hartu zuen, Euskadiko zerbitzu publikoen "gainbeheraren ikur" bihurtu baita.

Otxandianok eraldatze politikoaren beharra nabarmendu zuen, "hondatuta edo narriatuta dagoena" birsortzeko asmoz. Ildo horretan, salatu zuen "erabaki politikoek" zerbitzu publikoen gainbehera ekarri dutela, eta horren adibide jarri zuen Osakidetza. "Gure herritarren osasunarekin ezin da jokatu, ez etxebizitza eskubidearekin, ez gure adinekoen zaintzarekin, ez emakumeen eskubideekin... horrekin guztiarekin ezin da jolastu", adierazi zuen.

Hori horrela, zerbitzu publikoez berriro "harro" egoteko moduko konpromisoa hartuko duela hitz eman zuen Otxandianok, aldaketa "posiblea" delakoan. "Aukera hori benetakoa da, gizarteak ikusi egiten du: gaur eta hemen, esan dezakegu beharrezkoa den aldaketa politikoa posible dela. Posible da, eta orain da. Eta beti bezala egingo dugu, elkarrekin, bultzada berri bat eskainiz. Gero eta handiagoa den aldaketaren olatuarekin konpromisoak hartuz". 

Bere aldetik, Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusia ziur agertu zen ezker independentistak hamarkadetan zehar erein duen "proiektu nazionalak eta popularrak irabazteko benetako aukerak" dituela.

EH Bilduko belaunaldi berriena ordezkatuz, Edurne Benito del Valle Bizkaiko hautagaiak gazteen arazoak mahai-gaineratu zituen: "Gazteok ondo dakigu harresirik egon gabe ere, mota askotako banaketak badirautela. Etxebizitzaren gaiari eta gazteon emantzipatzeko arazoei begiratu bestela". EH Bilduren bokazioa "harresi ikusezin horiek denak eraistea da, herritarrak erdigunean kokatzeko", baieztatu zuen. 

EH Bilduren programa osoa, hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun