Elkarrizketak

Nerea Onaindia: "Uste dut ez zutela nahi neskak izatea lehenengoak Athleticen gabarra ateratzen horrenbeste urteren ondoren"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 25a, 14:54
Onaindia 32 urte zituen emakumeen Athletic taldea sortu zenean.

Gaur hiru aste bete dira Athleticeko mutilek gabarra atera eta Errege Koparen garaipena handikiro ospatu zutenetik, Getxotik Bilbora itsasadarrean zehar egindako ibilbidean. Hala, Bizkaia osoa zuri-gorriz koloreztatu zen zaleek "historiko" gisa izendatutako egun horretan. Alabaina, garaipen horrek taldearen ereserkien artean ahapeka entzun zitekeen galdera bat sortarazi zuen: "eta orain arte Athleticeko neskek izandako garaipenak?". Hain zuzen, taldearen sorreran egon zen Nerea Onaindia getxoztarra, 2002an, eta beragaz batera aukera izan dugu hausnartzeko zenbateraino aldatu den —ala ez horrenbeste— emakume futbolarien errealitatea.

Nola bizi izan zenuen Athleticeko mutilen garaipena?

Finala Sevillan ikusi nuen, zuzenean, familiarekin batera. Izugarrizko tentsio eta urduritasunarekin bizi izan nuen partida, eta amaieran, poztasun handiarekin ere. Kopako partida gehienak etxean ikusi ditudan arren, baten bat San Mamesen ere ikusi dut.

2002-2003an, Athleticen emakume taldea sortu zen, Leioa Futbol Taldeagaz batu zenean. Nola gogoratzen dituzu lehenengo urte horiek?

Oso bereziak izan ziren. Athletic sortu zenean nik 32 urte nituen, beraz, egia esan, nahiko berandu heldu zen niretzako. Futbolari baten ibilbide profesionala ez da oso nagusira arte luzatzen, baina ilusio handiarekin eta poztasunarekin bizi nuen. Ez nuen uste aukera izango genuenik Athleticen emakume taldearen parte izateko.

"Lezaman jokatzen hasi ginen lehenengo egunetik harmaila beteta zegoen"

Jendearen partetik, nolakoa izan zen erantzuna?

Leioako Futbol Taldean geundenean, ohituta geunden gure familiak eta herrikoak gu ikustera etortzera, baina, hala ere, ez zen jende asko hurbiltzen. Hala, bat-batean, Lezaman jokatzen hasi ginen lehenengo egunetik harmaila beteta zegoen. Guretzako hasieratik txundigarria izan zen, eta oso motibatuta joaten ginen. Nik uste ikuslegoa hasieran gu ikustera joan zela kuriositateagatik, eta gero, nolabait, zale bihurtu zela. Jendea gozatzera eta disfrutatzera etortzen zen.

Momenturen batean, horretaz profesionalki bizi ahal izan zinen?

Ez, ez. Duela gutxi sortu dira fitxa profesionalak Athleticeko emakumeen taldean, bai jokalarienak, bai entrenatzailearenak. 

Nolakoa zen momentu hartan emakumeen futbol taldeen egoera?

Taldearen araberakoa. Athleticen sartu ginenean, aldaketa handia nabaritu genuen Leioarekin alderatuta: baliabideak, arropa, zelaia, bidaiak.. Edozein momentutan zerbait gertatzen bazitzaizun bertan zegoen erizaintza zerbitzua, masajistak, etab. Baina hori ez zen emakume talde guztien errealitatea. Guk hasieratik bidaia guztiak hegazkinez egiten genituen; ez genuen dirurik jasotzen, baina bidaien kalitatea ona zen. Beste talde batzuek bidaia guztiak autobusez egin behar zituzten.

Jokatu zenuen hiru denboraldietan Superliga irabazi zenuten. Planteatu zen noizbait gabarra ateratzea?

Jendeak asko eskatu zuen eta bai planteatu zela. Baina agian pentsatu zuten ez zela hainbeste jende joango gu ikustera eta ez zuten atera. Egun, denboraren distantziarekin, pentsatu izan dut beharbada ez zutela gabarra atera nahi mutilek berriro irabazi arte. Hala, neskak ez izateko horrenbeste urte ondoren Athleticen gabarra ateratzen zuten lehenengoak.

Hala ere, gu ere bertan sartuta geundenez, ez zen bidezkoa polemiketan sartzea. Superligak irabazi genituenean, autobus irekiarekin joaten ginen Bilboko udaletxera, eta bertan ekitaldia egiten genuen jendearen aurrean, mutilek bezala. Aldatzen zen bakarra zen guk ez genuela itsasadarreko bidea egiten.

2016an izan zen Athleticen emakume taldeak liga bat irabazi zuen azken aldia. Horretan ere ez zieten gabarra ateratzen utzi. 

Bai. Bertan polemika handia sortu zen. Nik uste atzetik egon daitekeela esandakoa: mutilak hainbeste denbora atera gabe egon ostean, lehendabizi emakumeak izatea ez zen ondo ikusi. Ez dakit arrazoia hori den, baina nik uste gaur egun egin beharko luketela, bai ala bai. Mutilek atera dute, baina jendetza joaten da nesken partiduetara ere. Gure urteetan ere, jende nahikotxo joaten zen. Uste dut gaur egun emakumezkoek irabaztekotan, gabarra ez ateratzea erabakiko balute, gizartea gainera botako litzatekeela.

"Orain hasi dira neskak futbola ogibide gisa hartzen. Hala ere, nahiz eta datu zehatzak ez eduki, ez dut uste futbola uzten dutenean lan gabe egon daitezkeenik futbolarekin irabazi duten diruarekin"

Iraganeko egoeragaz alderatuta, egun genero-ezberdintasunik nabaritzen duzu futbolean?

Gauza batzuetan parekatuagoa dago. Esaterako, Athleticeko Lezamako instalazio berdinak dituzte. Egia da gizonezkoek euren aparteko eraikina dutela, baina haiek ere mugitzen duten publizitatea eta sortzen duten dirua handiagoa da.

Orokorrean, mutilen kirola beti dago goraipatuagoa eta babestuagoa. Ezberdintasun handiena soldatetan dago. Orain hasi dira neskak futbola ogibide gisa hartzen. Hala ere, nahiz eta datu zehatzak ez eduki, ez dut uste futbola uzten dutenean lan gabe egon daitezkeenik futbolarekin irabazi duten diruarekin. Lehenengo mailan dauden mutil guztiek, orokorrean, futbola uzterakoan badute bizitza eginda.

Zergatik uste duzu emakumezkoen futbolak ez duela horrenbesteko publikorik? 

Egia da askoz beranduago hasi ginela jokatzen, gauzek ere bere denbora daramate. Baina gauzak telebistatik ateratzen direnean egiten dira ezagun, orduan hasten da jendea benetan interesatzen, jarraitzen eta ikusten.

Urte asko egon gara ilunpean, beraz, nik uste bere denbora behar duela emakumezkoen futbolak. Ez dut uste mutilen parera helduko denik, jokalarien kopurua ere askoz txikiagoa delako, eta hori proportzionala izaten da. Baina interesa eta babesa oso garrantzitsuak dira nesken edozein kiroletan. Ezinbestekoa da mutilak ere nesken partiduak ikustera joatea eta horiek jarraitzea eta defenditzea.

Egungo gizartean emakumeak sexualizatuak izaten dira bizitzako alor ezberdinetan, kirolean barne. Zuk horrelako egoerarik bizi izan duzu?

Ez dut egoera pertsonal zehatzik gogoratzen. Baina komentarioak entzun ditut. Askotan, futbolaz aritu baino, jokalarien itxuraz berba egiten zuten. Halaber, gazteagoak ginenean guraso batzuek ez zieten futbolean jokatzen uzten, kide batzuei esaten zietelako jarriko zitzaizkiela hankak fuerteegi. Futbola mutilen kontua zela entzuten zen sarri.

Komunikabideek zer nolako garrantzia ematen zizueten?

Athleticen bigarren edo hirugarren urtean prentsa noizbehinka puntualki bai zegoela guk egiten genuenari adi, baina ez asko. Arreta asko egiten ziguten ez zegoenean mutilen ligako partidurik, orduan, tarte gehiago zuten albisteetarako edota programa saioetarako. 

Gogoratzen naiz partida batean aldageletara sartu zirela lapurtzera. Prentsatik entrenatzailea deitu zuten horri buruz galdetzen; apur bat tristea iruditu zitzaigun: ez ziguten ia inoiz kasurik egiten eta lapurreta bat gertatzean, orduan bai interesatzen zirela gugatik.

Egun, zer paper betetzen du futbolak zure bizitzan?

Futbola utzi eta gero, denbora luze egon naiz jokatu gabe. Alabak izan nituen eta haiek apur bat haztean berriro ere kirola egiten hasi nintzen. Egia da bi belaunak minduta ditudala eta bizkarreko ebakuntza bat ere bizi dudala, beraz, kontu handiarekin ibili behar naiz.

2019an hasi nintzen berriro ere futbolean jokatzen. Beteranoen partidak jokatzen ditugu Lezaman, Athleticen noizbait jokatu duten jokalari-ohiekin. Ez ditugu gehiegi egiten, baina, printzipioz, asmoa da bi asterik behin partidu bat jokatzea. Batzuetan ez dugu jende nahikoa lortzen bakoitzak duen bizitza erritmoagatik, baina elkartzen garenean oso ondo pasatzen dugu, eta gero afaltzera ere joaten gara. Batzuetan ongintzazko partiduak ere egin ditugu edota "hiruko" bat Gipuzkoako jokalariekin. Oso oroitzapen onak gordetzen ditut Athleticeko urteez, lagun asko egin ditut urte horiei esker.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun