Gorlizko EH Bilduk tokiko udaltzain batek pairatutako jazarpena arbuiatu eta hari babesa adierazi dio

Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 1a, 12:45

Gorlizko udaletxea, artxiboko irudian. CC BY SA-ZARATEMAN

Epaitegiek arrazoia eman diote Gorlizko udaltzain bati, kide baten jazarpena pairatu ondoren antsietate-baja eskatu behar izan ondoren. Horren aurrean, tokiko EH Bilduk langile horri bere babes eta elkartasun guztia adierazi dio, baita arbuiatu ere Giza Baliabideen Arloko arduradun politikoen jarduteko modua, "erakutsi duten pasibotasunagatik eta okultismoagatik".

Gorlizko EH Bilduk bere babes eta elkartasun osoa adierazi dio publikoki bere kide batek jazarritako udaltzainari. Biktimak lan-baja eskatu zuen eraso horiek eratorrita, eta Bilboko Lan Arloko epaitegiak arrazoia eman dio emakumeari, antsietateagatik hartu zuelakoan. Ildo horretan, koalizio abertzaleak arbuiatu egin du Giza Baliabideen Arloko arduradun politikoen jarduteko modua, "erakutsi duten pasibotasunagatik eta okultismoagatik. Ikusita zein gardentasun ezarekin jardun duten, batzordeetan, osoko bilkuretan edo Gobernu Batzordean une oro gainerako zinegotziei egoera hori ematen ari zela ezkutatuz".

Hori dela eta, EH Bilduk osoko bilkura deitzea eskatuko duela iragarri du, egoera horren aurrean udal-gobernuak dagozkion azalpenak eman eta jazarritako langilea babesteko hartutako neurriak azal ditzan. "Horren ondoren, beharrezko erabakiak hartuko ditugu", azpimarratu du koalizio abertzaleak.

Mobilizazioa

Udaltzainen arteko jazarpen-kasu horren aurrean, Sorginen Alabak talde feministak erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du barikurako, martxoaren 3rako, Gorlizko udaletxe plazan, 19:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun