Bilboko Lan Arloko 2. zenbakiko Epaitegian hartu dute erabakia eta, ELAk jakinarazi duenez, jazartzaileak lanean jarraitzen du. "Epaiak frogatutzat ematen du Udalak 2019tik zuela egoeraren berri, baina ez zuela neurririk hartu eta, azkenik, 2021ean hartu behar izan zuela baja langileak".
Ebazpen judizialak, frogatutako egitateakaz, udaltzainaren sufrimendua aitortzen du ere, eta tratu iraingarria eta sexu izaerako jokabide desegoki larriak aipatzen ditu.
Udalaren pasibotasuna salatu du sindikatuak
Sindikatuak deitoratu du epaian agerian gelditu dela Gorlizko Udalaren "pasibotasuna". Hala, beste jokabide batzuen artean, "egiaztatuta geratu da 2019an erasotzaileak langileari indarrez heldu ziola mototsetik eta burua bere genitaletara eraman, isiltzeko esanez”. Horrez gainera, biktimaren bularrei buruzko komentarioak jendaurrean egin zituela ere azpimarratu du epaiak.
Langileen osasuna sustatzeko ELA sindikatuaren barruko Bidelagun Fundazioak eraman du kasu horren zuzendaritza juridikoa, eta oso positibotzat jo du epaia, eta, aldi berean, oso larritzat Gorlizko Udalaren pasibotasuna, langileak jasandako etengabeko jazarpen egoeraren aurrean ez duelako ezer egin.
Horregatik, Bidelagun Fundazioak ekintza judizialak hasiko ditu Gorlizko Udalaren kontra, "segurtasun neurrien ezagatik, eta ez duelako langilea babesteko eta indarkeriarik gabeko lan giro osasungarri bat eskaintzeko legezko betebeharra bete".