Elkarrizketak

Ibon Arregi Astigarraga: "Klaseak euskaraz ematea ohore bat da niretzako"

Nahia Martinez Gondra 2023ko mai. 30a, 10:24

Bilboko Harrobia ikastolan ematen ditu klaseak Arregik.

Euskarazko ziklo bi ematen ditu Ibon Arregi Astigarragak Bilboko Harrobia ikastolan: Marketina eta Publizitatea; eta 3D Animazioak, Jokoak eta Ingurune Elkarregileak. Izatez, elgoibartarra, egun, Gorlizen bizi da, eta geugaz partekatu du nolakoa den bere egunerokotasuna irakasle gisa.

"Gure artean, euskaraz hobeto" da zuon Lanbide Heziketako leloa. Nolakoa da goi-mailako ikasketetako eskolak euskaraz ematea?

Ikastola Bilbon kokatuta egon arren, Bizkaia osotik datozkigu ikasleak, baita Gipuzkoa zein Arabatik ere. Beraz, euskalki ezberdinak entzuten ditugu eta haiek dakarten maila ere ezberdina izaten da. Ohore bat da niretzako klaseak euskaraz eman ahal izatea. Euskaraz bizitzea hautu pertsonal bat bada ere, askotan ez dago zure lana zuk nahi duzun hizkuntzan burutzeko aukerarik eta, horregatik, zorionekoa sentitzen naiz. 

Ikasleek euskararekiko jokabide positiboa erakusten dute?

Esan bezala, ez dugu ikasle eredu bakarra, beraz, era guztietako jarrerak ikus ditzakegu gelan. Baina Lanbide Heziketa ikasteko momentuan ikasleek D eredua aukeratu izana abiapuntu positiboa deritzot.

Hala ez denean, nola kudeatzen duzue?

Irakasleari euskaraz zuzentzea eta lanak euskaraz egitea araua da gurean. Ez dugu onartzen bestelakorik. Adibidez, ikasleren bat gazteleraz zuzenduko balitzaigu, galdera euskaraz egiteko eskatuko genioke horri, eta, lanak gazteleraz egitekotan ere, euskaratzeko eskatuko litzaioke.

Bi ziklo irakasten dituzu: Marketina eta Publizitatea eta 3D Animazioak, Jokoak eta Ingurune Elkarreragileak. Zaila izan da euskaratik eduki horiek lantzea?

Bai, adibidez, hitz-teknikoengatik, baina ez gaztelaniaren indarragatik soilik. Gure zikloetako edukien kasuan askoz indartsuagoa da ingelesaren pisua. Gaur egun, termino asko ingelesetik datoz, eta nahiz eta euskarazko itzulpen jatorra eduki, anglizismoak erabiltzeko joera dugu. 

Nolakoa dela esango zenuke euskarazko enpresa mundua? Zeintzuk dira bere indarguneak eta ahulguneak?

Ahulgunea da orain arte presentzia handia izan duela gaztelaniak lan munduan. Indargunea, berriz, oso aro aldakorrean bizi garela eta, lanbide berriak jaiotzen ari diren heinean, horietan hasieratik euskaraz aritzeko aukera dugula. Aukera asko dakusat etorkizun laburrean; sorkuntza eta formakuntza alorretan indarra jarri beharra dago bestalde.

Nolakoa da praktiken prozesua?

Gure lehen aukera euskal enpresetara bideratzea bada ere, egoera ezberdinengatik ez dugu soilik enpresa euskaldunekin lan egiten. Prozesua enpresa interesgarri posibleen bilaketarekin hasten da. Enpresa gehienek ere, behin praktikagileekin lan egindakoan, esperientzia aberasgarria medio errepikatu nahi izaten dute.

Zeintzuk izan ohi dira ikasleen beldurrik handienak etorkizunari begira?

Lan munduan haien tokia topatzea izaten da ikasleen beldurrik handiena. Izan ere, ahal izatekotan, gustuko duten alorrean lan egin nahi dute, noski. Hala ere, batzuetan, ikasketekin jarraitzeko gomendatzen diegu ikasleei interes konkretuak nabaritzen dizkiegunean. Beraz, haiek laguntzeko ikasketak osatzeko berezitasunen bat egiteko bideak erakusten dizkiegu. Bestalde, ekintzailetza ere sustatzen dugu.

Lanbide Heziketek urte luzez ospe "txarra" eduki dute gure gizartean: unibertsitatea eta karrerak ziruditen beti aukerarik onenak. Zer iritzi diozu horri?

Diozun bezala, Lanbide Heziketa gutxietsia izan da sarri. Baina gizarteak langile profesionalen behar izan nabaria du, geroz eta handiagoa esango nuke. Halaber, ikasketa esparru bakoitzak beharrizan ezberdinei erantzuten die, eta osagarriak dira. Ez da arraroa gurean Lanbide Heziketatik unibertsitaterako bidea egitea, baina unibertsitate ikasketak eginiko ikasleak ere badatozkigu gure ikastolaren espezializazio mailak erakarrita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun