Ormazan 250 etxebizitza baino gehiago eraikitzea adostu du EAJ-PP-PSE hirukoak

Getxoko Udaleko osoko bilkura ospatu da gaur, irailak 26, eta beste behin ere, EAJ, PP eta PSEren artean erabateko adostasuna egon da gai gehienetan. Ormaza sektorean, adibidez, 250 etxebizitza baino gehiago eraikitzea adostu dute, gehienak etxebizitza libreak.

Getxoko Udalak negozioa eta espekulazioa lehenesten jarraituko du, etxebizitza eskubidearen gainetik. Getxoko osoko bilkurak Ormaza sektorean 250 etxebizitza baino gehiago eraikitzea adostu du gaur, EAJ, PP eta PSEko zinegotzien aldeko botoekin. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kontra agertu gara, baina gure botoak ez dira nahikoa izan plana gelditzeko.

Bilkuran ozen salatu dugunez, plan honek ez ditu herriko gazteen beharrizanak kontuan hartzen. Udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSEko zinegotziek hauteskundeetan esan zuten alokairu sozialari lehentasuna emango ziotela. Argi geratu da gaurko osoko bilkuran ez dutela hauteskundeetan esandakoa beteko: etxebizitza libreak eraikitzen jarraituko dute.

Getxoko EH Bildutik uste dugu etxebizitzaren arazoak konponbide integrala behar duela. Gure herrian Euskal Herriko etxebizitzarik altuenak ditugu, eta gazteak kanpora joatera kondenatzen ari gara, gure ingurune naturala suntsitzen dugun bitartean. Hori dela eta, EH Bilduk etxebizitza plangintza integrala egin du, hainbat neurrirekin: alokairu soziala bultzatzea, etxebizitza kolaboratiboak bultzatzea, alokairuarentzat bideratutako diru-laguntzen 2. linea bat sortzea, etxebizitza hutsei aterabidea bilatzea eta abar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun