"Romon bizi" prozesua abiatu dugu, Romon etxebizitza arazoari konponbidea bilatzeko asmoz

Getxoko EH Bilduk "Romon bizi" prozesu parte-hartzailea aurkeztu du gaur. Koalizioak datorren astean hasiko du prozesua, auzoak bizi duen etxebizitzaren arazoari konponbideak bilatzeko asmoz, auzokideekin batera. Era berean, EH Bilduk eraikin historikoak defendatzeko konpromisoa berretsi du, Nagusien Etxea kasu. Itxaso Maseda zinegotziak baieztatu duenez, "etxebizitza duinak nahi ditugu, auzo duin batentzat. Romon bizi nahi dugu, eta gure auzoa hobetu nahi dugu".

Prozesuak hainbat fase izango ditu. Hasteko, EH Bilduk inkesta bat banatuko du herriko gazteen artean, bertatik bertara euren iritzia eta proposamenak ezagutzeko asmoz. Besteak beste, galderak honakoak izango dira:

  • Zure ustez, zein da Romok duen arazo nagusia etxebizitzari dagokionean?
  • Zer nolako irtenbideak ikusten dituzu? Zer proposatuko zenuke zehazki?
  • Udalak zer nolako etxebizitza-politika bultzatu beharko luke?

Inkestak gazte lokaletan banatuko dira, eta hainbat buzoi jarriko dira Romoko gune ezberdinetan. Horrez gain, e-postaz ere proposamenak bidaltzeko aukera egongo da, getxo@ehbildu.eus helbidera. 

Romoko auzokideen proposamenak jaso eta gero, EH Bilduk asanblada ireki bat antolatuko du, emaitzak aztertu, ondorioak atera eta denon artean proposamen bat lantzeko. Proposamen hori Udalera eramateko konpromisoa hartuko du EH Bilduk.

"Romon bizi" prozesua udaberrian EH Bilduk hasitako prozesuaren jarraipena da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun