Guardia Zibilaren Kuartelaren ordez, etxebizitza sozialak!

Getxoko EH Bilduk mozioa aurkeztu du biharko osoko bilkuran, honakoa proposatuz: Guardia Zibilaren kuartela kanporatzea eta etxebizitza sozialak sortzea bertan.

Bihar, urriak 31, hilabete honi dagokion osoko bilkura ospatuko du Getxoko udalbatzak. Bertan hainbat proposamen bozkatuko dira, tartean, Getxoko EH Bilduk proposatutako mozio bi: lehenengoa Kataluniako egoerarekin lotutako adierazpen bat, eta bigarrena, Guardia Zibilaren koartelari lotuta.
Gaur egun Getxon etxebizitzarekin lotutako arazo larria dugu. Euskal Herriko prezio altuenetakoak ditugu, gazteak gure herritik kanpora kondenatzen ditugu eta Udalak ez du inolako konponbiderik ematen: euren errezeta etxebizitza libreak eraikitzea da, espekulazioa areagotzea eta gure ingurune naturala txikitzea.
Baina Algorta erdigunean baditugu hamaika etxebizitza huts, adibidez, Guardia Zibilaren koartelean. EH Bilduk jakin duenez, bertako etxebizitza gehienak hutsik daude, ez dute erabilerarik. Hori Algortarentzat luxua da: etxebizitza hutsak ditugu, herriko gazteak gure herritik joaten ari diren bitartean.
Horri gehitu behar ditugu, noski, indar militar bat Algorta erdigunean izateak eragiten duena. Jakina da EH Bilduk gai honetan duen iritzia, hainbatetan "alde hemendik" leloarekin bat egin eta gero.
Hori guztia kontuan hartuta, EH Bilduk proposatu du Guardia Zibilaren koartela kanporatzea eta horren ordez etxebizitza sozialak sortzea. Horretarako, Udalak beharrezkoak dituen izapideak egin beharko lituzke Defentsa Ministerioarekin eta ondoren, plan bat garatu beharko luke etxebizitzak egokitzeko, zaharberritzeko eta abar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun