Azaroaren 15 eta 23a bitartean ospatuko dira 'Getxotik Mundura' jardunaldiak

Azaroaren 15etik 23a arte udalerrian egingo den Getxotik Mundura ekimena aurkeztu zuten atzo Iñaki Zarraoa alkateak eta Imanol Landa Udal Presidentzia Arloko arduradunak. Besteak beste, Getxoko Udalak, Mugarik Gabek eta BBK-k antolatutako topaguneen seigarren edizio honetan, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) eta herritarren arteko hartu emanak bultzatu nahi dituzte.

Partaidetza, elkarrizketa, aniztasuna eta trukea sustatzea helburua izanik, "herritarron sentsibilizatze maila areagotzea lortu nahi da", Imanol Landak ekimena aurkezterakoan adierazi zuenez.

Bederatzi egunetan zehar, erakusketak, azokak, pelikulak eta ikastaroak elkartasunarekin lotutako kontzientzia eta sentsibilitatea sustatzeko bitartekoa izango dira.

Azaroaren 18tik 20ra, Garapen Jazangaitzaren aurrean indigenek egindako proposamenak aztertuko dituen ikastaroa egingo dute Erromoko Santa Eugeniako Kultur Etxean. Hainbat tokitako indigenen gaurko egoera izango dute abiapuntu eta etorkizunari begira proposamenak ere aztertuko dituzte. Ikastaroan izena emateko epea azaroaren 13a arte egongo da zabalik.

Bestalde, hiru erakusketa egingo dira: Medicus mundik antolatuta, Botikak eta Lankidetza izenekoa, Erromoko Kultur Etxeko aretoan; Guatemalari buruzkoa,Elkarrekiko proiektua izenburupean, Santa Eugeniako aretoetan. Eta bestetik, Globalizazio liberala hegoaldean aztertzen duena Getxo Antzokian. Azaroaren 15etik eta 22a artean egingo dituzte.

Horrez gain, 17an, Fadura Institutuan, ateak zabalduko dira nahi duten guztientzat egun osoan Mundilab proiektua aurkezpena ikusi ahal izateko, Hegoa taldearen eskutik.

Bestalde, azaroaren 22an, Sahararen Eguna hartuko du goiz partean Algortako Metroko plazak. Ohiko haima ipiniko dute bertan, eta te dastatzea eta henna tailerrak egingo dituzte, Euskal Fondoak antolatutako erakusketaren ondoan.

Hurrengo egunean, Getxotik Mundura ekimenari amaiera emateko, Gobernuz Kanpoko Erakundeen topagunea izango da eta 2002. urtean Getxoko Udalak lagundutako proiektuen erakusketarako elkargunea egingo dute, Algortako plazan. Hainbat joko eta ekitaldi egingo dituzte bertan.


EGITARAUA

ERAKUSKETAK

- GUATEMALA: elkarrekiko proiektua
Azaroaren 15etik 22ra
Orduak: 9:00-13:00 eta 16:00-22:00
Erromoko Sta. Eugenia

- BOTIKAK ETA LANKIDETZA
Azaroaren 15etik 22ra
Orduak: 11:00-13:00 eta 18:00-21:00
Erromoko Erakustaretoa

- GLOBALIZAZIO NEOLIBERALA HEGOALDEAN
Azaroaren 15etik 23ra
Emanaldien arabera izango da ordutegia
Algortako Getxo Antzokia


- IKASTAROA: Indigenek egindako Proposamenak
Azaroaren 17tik 22ra
Orduak: 16:00-21:00
Erromoko Sta. Eugenia


- LIBURU AZOKA: Mundilab proiektua
Azaroaren 17a
Orduak: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00
Algortako Fadura Institutua


EKITALDIAK

- SAHARAREN EGUNA: tailerrak, Haima, Erakusketak, Dastaketa,... Ipuin Kontalaria: 'El rincón de Sherezade'
Azaroaren 22a
Orduak: 10:00-15:00
Algortako Metro Plaza

- GGKEen azoka: kalejira, musika, Stands, Elkartasun Jokoak,... Kale antzerkia: : "La revolución de las lavanderas"
Azaroak 23
Orduak: 11:00-15:00
Algortako metro plaza

- ZINEMA: 'Quiero ser como Beckham'
Azaroak 19 eta 20
19: Algortako Getxo Antzokian
20: Areetako Gran Cineman
2,60 €
Ordua: 20.00
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun