Gure etxe ondoko artea - Josu Landeta / irakaslea

Getxoko Torrebarria aldea ezagutzen duenak, han bide bazterrean dagoen arte bat ezagutuko du, bere inguru osoan itzal fresko eta hezea ematen duena. Bide bazterrean halako oreka ziurgabe batean dago, egun batetik bestera zuhaitza jaustera eraman lezakeen oreka ziurgabea.

HAPOa (Hiri-antolamendurako plangintza orokorra) dela medio, badirudi zuhaitza zutik mantentzeko erabakia hartuta dutela. Hala ere, lehen inguruan zeukan landa handi eta hezea desagertu egin da, eta horren ordez porlanezko eremu amaigabeak izango dira nagusi, txakurrek kaka egiteko baratz ziztrin horiek salbu. Zuhaitza biziko bada bere sustrai sakonei esker izango da, oraingoz porlana ez baita lur azpira helduko (oraingoz, diot, ze gero batek daki). Bestelakoa dirudien arren, lur azpian zuhaitza elikatzeko beste ur dago. Gaineko ikuspegia.ostera, nahikoa etsigarria da: lehen artea genuen inguruko jaun eta jabe, baina orain bere ondoan dagoen garabi erraldoi batek hartu du nagusitasun hori.

Zuhaitzaren inguruan porlana eta erakinak nagusi izanik ere eraikitzaileak ez daude konforme, eta zuhaitza sustrai eta guzti erautsi ezinean dabiltzalarik, garabiaren ondoko adarrak erautsi guran ibili dira, alde batetik ahalik eta enbarazu gutxien egiteko eta bestetik bide batez ea zuhaitza “berez” hiltzen den. Horretan HAPOak ez gaitu behar beste babesten; legeak dioena dioela, gero gerokoak.

Euskal Herria zuhaitz baten antzekoa da, eta gure etxe ondoko artea bezala itzal fresko eta hezea ematen du bere ingurunean. Alabaina, bere biziraupenari enbarazu egin gura dion lur idorrez inguraturik bizi da, bizi gara. Oraindik bizirik badago bere sustrai sakonei esker da; gainera, zenbat eta herri zaharragoa izan orduan eta sustrai sakonagoak ditu, eta ura azpi-azpitik hartzeko gero eta arazo gutxiago izan behar luke.

Zoritxarrez lur idorraren gezurrezko agintedunek (eraikitzaileek bezala) Euskal Herria behin betiko erausteko asmotan dabiltza, eta bere heriotza bilatu gura zutelarik zuhaitzaren adarretatik kolpeka hasi ziren, herriaren alde dauden talde eta pertsona antolatuak kolpatuz. Laster konturatu ziren zuhaitz hori hiltzeko, adarrei emandako kolpeak nahikoak ez direla eta azkenaldi honetan sustraietara heldu guran dabiltza, milaka urte iraun duen euskararen kontra joz. Guk ere badugu gure HAPO babeslea (Gernikako estatutua?; foru-amejoramendua?), baina badirudi antolamendu plan horiek gure zuhaitza, gure herria biziraunarazteko adina indarrik ez dutela; lur idorraren agintedunek bere balizko lege zuzena aplikatuz, hitzartutako “lege babesle” horiei muzin egiten diete, eta zuhaitzaren ingurua ere idor izatea gurago dute berez darion freskotasuna jasan baino.

“Gure basoko zuhaitz lehorrak / oraindik irauten dute / lurraren babesak ematen die / itxaropenezko bizitza”. Horrelaxe dio Benito Lertxundiren aspaldiko kantu baten letrak. Euskal Herria lur idorrez inguratutako irla bat da, bere azpian oraindik urez ornituko duen lur aberatsa daukana. Agian gure “lege bebesle” horiek oraingoz zutik mantenduko dute, baina zuhaitzaren bizitza ziurtatzeko ez dira nahikoak izango, beti basamortuaren mehatxupean egongo garelako. Guk sortutako legea behar dugu (eta ez lur idorraren agintedunek inposatutako “lege babesle” bat ) eta apurka-apurka inguratzen gaituen lur eskas hori aberats bihurtu. Torrebarria aldean horretarako berandu da dagoeneko, baina Euskal Herrian oraindik posible dela uste dut: Munduan zehar gurea bezalako beste irla batzuk daude, eta lur idorra aberats bihurtuz bihar irla horiek elkarri lotuta egon daitezke, eta beste aberri bat, beste mundu bat, hobea, osatuko dugu.

Gizartean sarritan entzuten ditugu tolarantzia eta elkarrekiko errespetuari buruzko hamaika berba, baina zein errespetu motarekin bizi gaitezke geure nortasuna eta geure burua errespetatzen ez badugu? Gure esku dago geureari eustea, Torrebarrian gertatu den bezala lur idorrez inguratutako zuhaitz mehatxatu bat izan gura ez badugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun