Euskal Telebistan, erdara barra-barra - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 16a, 22:48
Lorpen handitzat jo zen zen, bere garaian, Iparraldeko biztanleek ETB-1 ikusteko aukera edukitea. Noizbait, edo hala espero dezagun behintzat, lorpen handitzat jo beharko dugu Iparraldeko biztanleek ETB-1 ulertu ahal izatea. Gaur egun saio gutxi dira-eta Donapaleu edo Santa Grazikoek uler ditzaketenak, gaztelaniaz jakin ezean behinik behin. Gogoan dut, artean gazte samarra nintzen arren, ETB hasi zenean gaztelaniazko azpitituluak edukiten zituztela saio askok, euskaraz ez zekitenek uler zezaten ipinita. Gaur egun, azpititulurik ere ez da behar; besterik gabe erdaraz eman, eta kitto. Errazago eta merkeago. Donapaleun eta Santa Grazin tutik ulertu barik jarraitzen dute, jakina, baina ez dio axola: gutxi dira eta gainera ez diete ETBko nagusiei bozkarik ematen.
Euskal Herrian soilik gerta liteke ETB-1ekin gertatzen dena. Kirol saio guztietan –asteburuetako programazio osoaren erdia, gutxi gora hehera- kirolari eta entrenatzaileen adierazpenak ditugu barra-barra, gaztelaniaz eta inongo itzulpenik gabe. Zergatik ez dute gauza bera egiten ETB-2n norbaitek euskaraz diharduen apurretan? Eta kirolari horietako batek alemanieraz edo errusieraz egingo balu ere itzulpen barik utziko ligukete?

Galderekin jarraituz, zergatik ematen dute Segoviako ihesa filma, eta jatorrizkoan gaztelaniaz dauden zatietan (filmaren erdia baino gehiago) gaztelaniari eusten diote? Eta zergatik ia osorik erdaraz egiten den Donostiako Zinemaldiko aurkezpen ekitaldia gordin eskaintzen digute, aurkezleen hitzak euskaratuko dituen esatari mixerable bakar bat ere gabe? Euskaldunok (eta hirugarrenez gogoraraziko dut gure artean badirela gaztelaniaz ez dakitenak ere) ez daukagu eskubiderik, gure hizkuntzan egiten den telebistan, gure hizkuntza entzuteko. Harrigarria. Eta are harrigarriagoa da gehienek normaltzat jotzen dutela egoera hori. Nora ailegatuko ete gara?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun