Ostiralean konzentrazioa egingo dute Erandioko udal egoitzako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 14a, 20:27
Urtarrilaren 16an protesta-ekitaldia egingo dute, Erandioko Udaletxeko Plazan, San Jose udal egoitzako langileek. Horietatik hamaika greba mugagabean daude, abenduaren 31tik, lan-baldintza hobeagoak eskatzeko. ELA sindikatuko iturriek adierazi dutenez, garbiketa, harrera eta "office" zerbitzuetan egiten ari dira lanuzteak. Adinekoak zaintzeaz arduratzen diren erizainak, aldiz, normaltasun osoz dihardute lanean.

Erandioko Udalak azkeneko hauen lan-baldintzak hobetzea erabaki zuenean sortu zen gatazka, langile guztiak lan-hitzarmen berberapean egon arren. Denak dira Garbialdi SAL enpresakoak.
"Erizainen egoera sektore publikoko lan-baldintzekin parekatu dituzte. Garbiketa langileekin, aldiz, gauza bera egiteari uko egiten diote. Hileroko 500 eurotik gorako ezberdintasuna dago sektore publikoan funtzio berdinak egiten dituzten langileekiko", salatu du ELAk.

San Jose udal egoitzako hamaika langileenganako "mesprezua eta bereizkeria" kritikatu ditu sindikatuak, eta Erandioko Udala eta Garbialdi SAL enpresa egin ditu egoeraren erantzule. Horrela, datorren ostiralerako, konzentrazio bat deitua dagoela jakinarazi du. 11:00etatik 12:00etara egingo da Erandioko Udaletxeko Plazan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun