Udalbiltzari "ezkutuan" diruz laguntzea egotzi dio Udalari Leioako PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 19a, 20:56
"Aurrekontuetan adierazita ez zegoen arren", 2003an Udalbiltzari 6.250 euroko dirulaguntza eman zitzaiola salatu zuen, ostiralean, Xabier Olabarrieta Leioako PPko bozeramaleak. Berak azaldu zuenez, "leioatar guztien dirua alderdikeriaz kutsatutako erakunde bati ematen ari ez zitzaiela egiaztatzeko, goitik behera aztertu genituen aurrekontuak abertzaleak ez garen alderdikook". Hori dela eta, aipatutako diru partida "tentu handiz tapatzea" egotzi dio EAJri Olabarrietak. "Horretaz inorekin hitzegin ez zuten arren, amarrua agerian geratu da, 2004ko aurrekontuak 2003koekin konparatu ditugunean", azaldu zuen PPko ordezkariak.
Olabarrietak adierazi zuenez, azken urteetan "etengabe" saiatu da EAJ, aurrekontuak aurrera ateratzeko, beste alderdien laguntza bilatzen. "Udalbiltza-Udalbide bezalako erakunde edota erradikalekin loturiko taldeentzako dirulaguntzarik badago, aurrekontuen aurka agertuko garela argi eta garbi dakite", azaldu zuen. Hori dela eta, "iruzur egitea" egotzi die Leioako PPko bozeramaleak.

Popularren hitzetan, "erantzunkizuna alkatearena dela argi dago. Gainera, lotsagarria da egin duena, berak ezagutzen duelako ezkutatzen ahalegindu dutena daukan garrantzi politikoa". "Guztion diruarekin zer egin duten jakiteko", 1999tik Udalak emandako dirulaguntzen datuak eskatuko ditu PPk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun