Martitz eta IHESa - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 20a, 23:46
Banku ezagun bat ikasteko bekak iragartzen dabil telebistan egunotan. “Zertan dabil oraintxe IHESaren aurkako txertoa aurkituko duen pertsona?”, “zertan dabil oraintxe Martitz zapalduko duen lehehengo gizakia?”. “Ikasten dabiltza”. Hitz zehatzak gogoan ez baditut ere, horien antzeko leloak darabiltzate beka-saltzaileek. Ezagun duzue, ezta?
Gauza batek eman dit atentzioa iragarki horretan. IHESaren aurkako txertoa aurkituko duena eta Martitz lehen aldiz zapalduko duena, biak ere, ikasten badabiltza, hiru gauza hauetako bat gertatzen da:

- Bietako bat askoz zaharragoa da bestea baino (zuek aukeratu zein), eta beraz, bata unibertsitateko azken urteak egiten ari den bitartean, bestea haur eskolan dago oraindik.

- Biak dira adin bertsukoak (hau logikoagoa da iragartzaileen ikuspegitik, unibertsitate-bekak erosiarazi nahi duen iragarkia nekez egoten delako haur eskolako umeen gurasoei zuzenduta), baina batak besteak baino askoz gazteago egingo du (zuek aukeratu zein) ospetsu bihurtuko duen hori. Batak 26 urterekin, demagun, eta besteak 67rekin.

- Biak dira adin bertsukoak, eta biek aldi bertsuan lortuko dute iragarkiak egozten dien arrakasta. Ez ditut iragarki-egileen asmoak ondo ezagutzen, noski, baina nire ustez hau da litekeena.

Nik nahiago nuke a) aukera. Esan gura dut, IHESaren aurkako txertoa ahalik eta azkarren aurkitzea nahi nukeela. Martitz estrainekoz zapaltzea baino askoz lehenago bai behintzat, ez dudalako uste hori urte askoan lortuko denik. Bietako bat: iragarkia egin dutenak baikorregi daude Martitzera ailegatzeko dauzkagun aukerez, edo ezkorregi IHESaren kontrako borrokari dagokionez.

Hala ere, eta mundu zoro hau zelan dagoen ikusita, ez nintzateke batere harrituko gizakiok Martitzen IHESa zabaltzea haren aurkako txertoa asmatzea baino lehenago lortuko bagenu. Unibertsitate-ikasketez ari garen honetan, zilegi bekit esatea karrera espaziala deritzon horretan indar eta ondasun gehiegitxo xahutzen dela, IHESak ez ezik beste gaitz askok jota dagoen mundu zahar honentzako sendagairik aurkitzeko erabiltzen direnen aldean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun