Legamia zeraman ama euskaldunaren kasua - Beatriz Fernandez / Anjel Otxoantesana presoaren bikotekidea

Beatriz Fernandez algortarrak atxiloketaren pasadizoak 5 urteko semeari eta Euskal Herriko haurrei kontatzeko idatzitako "ipuina": Legamia zeraman ama euskaldunaren kasua (Getxon, inpernutik urten eta bi egunetara).


Bazan behin, Euskal Herritik Parisa sarri-sarri joaten zan ama euskaldun bat. Bertan, gizona eukan preso, eta bertara zihoan bisita eitxera. Abiatu aurretik, aitxantzako boltsa prestatzen eban edo aurreko astean joandakoaren eskutatik jasotzen eban amak. Egun batean, presoak pastelak eitxeko asmoa eukala konta eutsan izekori bisitxan, baina pastelak eitxeko legamia behar ebala eta legamiarik ez egoala bertan, eta izekok, sukaldean famatua benetan, ha entzun eta pentsa eban ezin leikeela ganorazko pastelik egin, legamiarik ez badauka, ze legamiaz pastelak hazi eitxen dira, puztu eitxen dira, ondo harrotuta, baina legamia barik, tristetu eitxen da pastela, eta apaldu eitxen da.

Eta izekok, boltsa preparatzea tokaten jakonez, legamia plastikozko boltsa txikira bota eta kamiseta tartian sartu eban. Karta be egin eutsan aitxari pastelaren gorabeherak ondo-ondo kontateko eta esateko zer gaineratu eta zer neurritan. Eta amatxuri ekarri eutsan boltsa, eta amatxuk ez eban begiratu, zertako? Amatxuk badaki izekok preparatutako boltsetan kamisetak ezin garbixago doazela, ondo lisatuta, gainera ­amatxuk ez dauz lisatzen, zuk badakizu­, eta kolonia be botatzen deutsela behin garbitxu eta lisatutakoan. Amatxuk berak pe ez dau halako boltsa txukunik preparaten, eta izekori, ba pasa eingo jakon esatea edo auskalo, ama ez kezkatzearren edo, esan bez. Kontua da amatxuk boltsa Parisa eroan, eta kartzelan, funtzionarixuari emon eta lasai asko joan zala aitxana aspaldiko partez berba pixka bat eitxera.

Aitxe ikusi eban lehen bisitan, baina handik urtekeran, funtzionarixua hurbildu zan eta kartzelako zuzen- darixarengana eroan eban ama. Kontxo, pentsa eban, da han jezarri zan txintxo-txintxo, ze norberak badaki zuzendarixa zuzendarixa dana, eta txantxetan ibili ezin leikeena halakoetan. Eta han euki eben zain, zeatxik ez zekixela.

Handik gitxira eskubaltzeko gizonak agertu ziran inguruan ­eskubaltzak eskularru baltzak eukiezelako­, eta andra sasoiko batek galdetu eutsan orduan: badakizu zeatxik zagozan hamen?, eta amak, ezetz, eta orduan andra frantsesak frantsesez: estupefazienteak. Eta zuek esango dozue horren berba bihurrixak zer esan nahiko dauen, eta neuk esango deutsuet: berba bihurrixak gauza bihurrixak adierazten dabezela, edo gauza batzutan gaiztoak, gaiztoak benetan. Eta ama harek esan eutsan orduan, ezetz, oker ebizela, da berba eingogu komisarian esatsan sasoi oneko andra frantsesak.

Eskuburdinez lotu eutsezan eskuak, autoan sartu, eta autoan sirenak uluka. Parisko errepideetan zehar, semaforo gorrixak be ziztu bizixan pasata, kontrako bidetik pe tarteka, gidari paristar zuzenen harriduraz. Ondo pasateko moduko bueltak, txikixe, ziburutan bezala, gauzak bestelakoak izanda, behintzat.

Komisarian batera heldu, eta orduan biluztu eben lehenengoz. Lehenengoz diñot, ze akorda be ez da eitxen zenbat bider biluztu behar izan eban. Amari biluztea gustatzen jako etxean edo popabisteroen kanpinean, baina han ez, eh? Han jertsa kendu, lehenengo, kamiseta gero, zapatak ostean eta praka eta kulerua, azkenian. Eta biluzi, geldi, makurtzeko esan, eta hatzamar arrotza ipurtzulotik sartu eutsan beste andra zikinak, eta zuk, pentsa, hori ezin leike egin, hori gaizto izatia da, ze ipurtzuloa norberarena da, eta arrotza norberaren barruko bideetan sartu nahi dabela erakusten dau horrek, eta hori ezin leike izan. Gaiztoak gero, eskubaltz gaiztoak, amatxori ipurtzulotik atzamarra sartzeko, ezta?

Gero ziegatik pasata, galdeketan hasi ziran. Hauts zurixa eroan plastikozko boltsa txikixa erakutsi eutsen ha zer zan galdezka, eta ama euskalduna beldurtuta, ezin sinestuta, ez dakitxela hori zer dan, eta hori neuria ez dala. Baina han zagozela, zeinek sinestukotsu? Hareek danek ez, behintzat. Eta amatxo larritxu zan apur bat, baina eutsi egin eutsan. Eutsi, esaten eban bere artean. Ez zan denbora asko igaro, ha pentsaten ebena ez zala konturatu ziranean eskubaltzak. Kontxo, ez ei da ba pentsaten ebena! Orduan bai lasaitu ederra, baina kontuak argitxu barik segitzen eban. Ha zer zan ez dakitx eurak jakingo ote eben, baina amatxo harek ez, behintzat.

Orduak joan eta orduak etorri, ama euskalduna ziegara eroan eben. Abokatu bat ikusi eban gau aldera, eta hari kontatzekoak kontatu ostean abokatuak bere frantses dotorean esan eutsan, kontua ez da hauts zurixa, kontua sukaldea da. Eta zuk esango dozu zeatxik sukaldea? Ba, sukaldea, ze batzuk pastelak eitxen dabez, baina beste batzuk bizkotxak. Eta badira ondino be, euskal pastizak eitxen dabezanak. Baina, pentsa, euskal pastizak izan leikez kremazkoak edo ez, ze badira Itsasoko gereizekin eindakoak, esate baterako. Eta sukaldean bakotxak berea ein nahi dau, sarri askotan ulertu barik, aldamenekoak igual ez dabela pastela bardin eitxen. Batzuk gereizak, beste batzuk krema. Batzuk horrenbeste minutu, besteak, ezetz hori gehixegi dala. Gitxiegi hirugarrenarentzat. Horrexegatik esate eban abokatu harek sukaldea zala problema eta ez hauts zurixa.

Eta abokatua ikusitakoan, ama euskalduna medikuarengana eroan eben. Ondo zagoz? eta bai, baina amak lenteak darabilz ikusteko, lente txiki, leunak begixetan itsasten diranak, eta medikuari esandakoan, medikuak erantzun eutsan: kenduizuz eta ipini hamen ­plastikozko boltsatxua eskutan­, eta nik, baina kenduz gero, ez dot bape ikusiko! Bardin da esan eustan medikuak, min hartukozu ostantzean. Nik esango deutset ­eskubaltzei­ garbitzeko eta bihar ekarteko zuri, eta konforme. Hala esan eutsan eskubaltzari, baina harek jaramonik pez, zuri jostailuak batzeko esaten do- tsudanean bezala, eta ordutik aurrera laino artean pasa zitxuen orduak, laino artean ikusten dauelako amatxo harek, lente txikixak edo anteojuak jartzen ez ditxuenean.

Ama euskalduna batetik bestera ibili eben eskubaltzak, galderak eitxeko, beheko ziegatik goiko ziegara, behetxik gora, goitxik behera, eta ziegan egoala kantatu eitxen eban, badakizu, ez Telmok-eta Betizun kantaten dabezan horreek. Aspaldikoagoak kantatzen zitxuen amak, zuk ondino be ezagutzen ez dozuzanak batzuk: baina bihotzak dio zoaz Euskal Herrira ahots hari batez, eta aitxitxe marinelak kantaten eban Kanuto Xixilindro, eta tarteka be bertsoak: hareek, Jon Maiak Ondarruko jaixetan Habanera doinuan kantatu zitxuen ederrak: Ondarru gure inpernu, Ondarru gure zerua... Eta amatxo Jon Maiari haretxek entzuten egoala, aitxaz ebilela pentsatu eta sentitu eban modura, halaxe kantatzen zitxuen bertsoak bere artean, Paris inguruko ziega zikin hartan. Eta tarteka be, amatxok pentsaten eban berak buruan ibiltzen ditxuen gauza horreexetan: ea zeatxik esaten daben euskaldun batzuk ez beha gau beltzari, eta bere burua begiratzen duenak galdu egingo du... besteak. Baina hortixik amatxo hasten zan pentsaten nire burua begiratu dot bai, baina galdu egingo dodala emoten dau... Hala, denpora luzian.

Igaro ziran, ba, hala 48 orduak. Bai, ez da asko, baina orduak bertan luzatu eitxen dira, eta zelan luzatu, gainera. Norberak pe ezin dau sinestu horren luzeak izan leikezenik, eta azkenean fiskalaren aurrera eroan eben ama ha, eta gizon zakarra zan, ze ez zan eskubaltza, baina ez eban sinesten amatxok ezer ez zekixenik kartzelara eroandako legamia dala eta. Orduntxe paperak irakurri eta lehengoz jakin eban amak TOX-Lab izen atomikoko laborategiak esanda, hauts zurixak uruna zirala. URUNA, pentsa eban? Zelanik uruna? Eta gogor egin eutsan fiskalak amatxori, oso gogor. Ergelak garala pentsaten dozu hala? Eta amak ez eutsan erantzun, baina kokola bakarra bera zala pentsa eban.

Epailearen aurrean gero, negarrari emon eutsan, fiskal gaiztoa gogoan. Aitxak beti esaten dotsa negarrik ez eitxeko, baina ama, andra gogorra bai, baina kontxo, ea zeinek ez eban negarrik ba eingo. Eta negarra uholdea bihurtu zan, amak epaileari esan eutsanean gizona preso bai, baina etxian, zain, bost urteko umea eukala. Eta epaileak esatsan, joan, baina etorri beharko dozu nik diotsudan egunean hamen neugaz barriro berba eitzera. Etorriko zara? Neu, sí. Interpreteak, jarraian, oui. Euskaraz, bai esaten doguna.

Eta halaxe urten eban inpernuko zulotik, eta inpernuak, dana dalakoa dala be, badauka gauza on-on bat, hortik aurrerako bide guztiak zerurako bideak dirala. Beherago ezer ez dagoala. Amak handik urten, etxera sakelekotik deitxu eutsan bere txikixari, eta tren geltokian trenak berandura arte lo egoazela ikusita, aireportura joan zan, arin- gaingan, zerura bidea lehenbailehen hartzekotan. Itsulapikoko txanpon guztiak gastako ditut, pentsa eban, da zer? Abioian zihoala, behera begiratu eban, lurrera, eta inoizko zerurik izartsuena emoten eban lurrak, izar ederrez bete-beteta, eta izan artean Zazpi Kaleetako gabon apangarriak. Han esne bidea, konstelazioak, eta tarteka izar lokak. Zerutik, abioiko leihotik, zerua zirudien lur hartara begira. Ez zan denbora asko pasa, eta han ikusi eban ama euskaldunak Miarritzeko itsasargiko argia tarteka piztu tarteka amatatzen zan distiraz, itsasargia artizar. Etxean egoala sentitu eban orduan.

Geroago, ohean epel, pasteletan pentsaten hasi zan eta legamia boltsa txikia ­izekok esan eutsan aireportuan legamia zala-eta­, eta ametsetan hasi zan herri batekin, eta herri hartan legamia librea zan, ez zan jertsaren besoetan ezkuta beharrik eskutik eskura pasatzeko, eta pasteleroak eurak pe nahi beste legamia euken, pastel goxo eta totoloak egiteko, bizkotxak edo euskal pastizak, kremazkoak batzuk, gerizadunak besteak. Nahi dabenak nahi dabena. Eta ama euskalduna lo gelditxu zan azkenean, legamia legamia baino ez zan herri batekin ametsetan.

Oharra: Jon semea; Iñaut, Jon eta Eneko; June; Ander eta Maitetxo; Amaia eta Garazi; Ander, Xabier, Andoni eta Ibon; Araitz, Maddi eta Pello; Zigor, Asier, Iker, Camilo eta Ander; Ilazki; Maren; Aratz, Izaro eta Oier; Maider eta Joana; Johanes; Markel eta Koldo; Clara; Ane; Beñat eta Txomin, eta Euskal Herriko beste ume pastelzale asko eta askori irakurtzeko ipuina.


Beatriz Fernandez bi egunez atxilotuta eduki zuen Frantziako poliziak Fresnesera Anjel Otxoantesana bere laguna bisitatzera joan zenean arropako paketean legamia aurkitu ziotelako. Bide batez, "estupefazienteak" sartu nahi izan zizkiola komunikabideetara zabaldu eta presoen familiarrak izaten diren mojen aterpetxea eta beste senideen ekipajeak miatzeko aprobetxatu zuen poliziak.


oihu@ Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren agerkari elektronikoa

Informazio gehiago:

email: oihua@barrutik.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun