Arrotzak Kultur Etxean - Nahikari Ayo / Bertsolaritza irakaslea

Azaroan gaude, eta gezurra badirudi ere, Gabonak ate joka ditugu. Algortakoak baldin bazarate, jakingo duzue Olentzeroren kalejira herriko talde gehienen artean antolatzen dugula. Ohitura herrikoiak defendatzen ditugu, Olentzero bakarra nahi dugu herrian eta hori da gure xedea. Ostegunero batzen gara Algortako Kultur Etxean dena antolatzeko. Baina artikulu honen bidez ez dizuet batzarren berri eman nahi (aspergarria litzateke), azken batzarrean Kultur Etxean jasotakoa baizik.

Ostegunero zortzietan dugu hitzordua jarrita. Heldu eta jende andana zegoen kanpoan. Nahiko arraroa, gure Kultur Etxean liburutegia, batzar gelak... daude, baina hainbesterainoko jendetza... Atarian hogei bat pertsona zeuden, itxura arraro zein ikaratzekoa zuten. Beno, Kultur Etxea “denona” da, beraz, edozeinek erabili dezake.

Orain arte badirudi arrunta dela guztia, irakurle. Ba ez, orain hasten da onena. Kanpoan itxaroten nengoela “radio patio” egiten hasi nintzen, alegia, tipo horien elkarrizketak entzun: “Pues el otro día, disparé al aire, ¿qué se creen estos borrokas?” Zer nahi duzue esatea, zuri geratu nintzen. Orain, la pregunta del millón dator: Zein da pertsonaia hauen lanbidea? Tik-tak, tik-tak... Denbora! Erantzuna: BIZKARTZAINAK. Bigarren galdera: Zer egiten du bizkartzain tropel batek Kultur Etxea okupatzen? Tik-tak, tik-tak, ... Denbora! Erantzuna: PPko POLITIKARIAK BABESTU. Bitxia ez?

Lasai, Iturgaitz ez doa liburu baten bila edota entziklopedian kontsulta bat egitera (agian soinua jotzeko partituren bila). Dirudienez PPk mahainguru bat antolatu zuen. Hor batuta zegoen, erderaz esaten den bezala “toda la plana mayor”.

Nik galdera bat daukat: Zergatik jende guzti hau bildu behar da mahainguru bat egitera KULTUR ETXEAN? Egin ditzatela nahi dituzten mahainguru guztiak, baina ez Kultur Etxean. Izena berak esaten du, kulturaren etxea dela.

Politika ez da kultura inolaz ere. Aurrerago esan dut Kultur Etxea denona dela, GETXOZTAR GUZTIONA gure ideología dena delakoa izanda. Erabili dezagun kultura bultzateko.

Nire herriko kultur eragile bezala, gure Alkate Jaun Txit Gorenari eskatuko nioke; mesedez, otoi, arren horrelako ekitaldiak debekatzea Kultur Etxean.

PD: Portzierto, norbaitek asmoa badauka Olentzeroren batzarretara etortzeko, zortzietan biltzen gara ostegunero Kultur Etxean.

PD1: Ahaztuta neukan, ZORIONAK UKBERRI!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun