Otsoa beti gose - Unai Brea / kazetaria

Espainiarrak heroi bat berreskuratzen dabiltza. Mikel Lejarza Egia, “El lobo” ezizenaz ezaguna eta Espainiako zerbitzu sekretuetako kidea, ETAn sartu zen orain 30en bat urte, hainbat triskantza eraginez. Azkenik, ETAko kideak konturatu egin ziren barne muinera arte sartuta zeukatela harra, eta “El lobo”-k bere burua ezkutatu behar izan zuen. Holan igaro da urte mordoa, eta orain, bat-batean, pertsonaje ilun horri buruzko pelikula egin dutela-eta, denak hasi dira berataz akordatzen. Seguru, hala ere, berari esker hildako eta atxilotutako ETAko militanteen senitartekoei ez zaiela sekula ahaztu Lejarza jauna.

Espainiarrek horrelako heroiak behar dituzte, euskal abertzaleen kontrako borroka santuan adore paregabea agertu duten heroiak. Azken batean, Euskal Herriaren aurkako borrokan –beraiek terrorismoaren kontrako borroka esango diote, baina badakigu politikagintza eufemismoz beteta dagoela- bide militarrak lehentasuna dauka bortizkeria onartezina dela diotenentzat. Eta horregatik primeran datorkie ETAren kontra jardun zuen militar baten irudia gogora ekartzea. “El lobo”, belaunaldi berrietako espainiar umeen heroi maitatua.

“El lobo”-rena egiteko Eduardo Noriega aukeratu dute. Ze guapoak diren ETAren kontra dabiltzanak! Interneteko foro horietako batean, herritar batek Noriegari galdetu zion ea orain ETAren helburu militar bihurtzeko beldurrik ez ote daukan (niri, berriz, espainiar xeheak edozer gauza sinesteko daukan gaitasunak ematen dit beldur ikaragarria). Ze demontre, heroi bi eduki ditzakegu baten prezioan: benetako “El lobo”, eta “El lobo” zinean antzeztu duena (zorionez, Noriegaren erantzuna nahiko zentzuduna izan zen). Bitartean, lerro hauek idazteko bezperan espainiar telebista-kate batek Mikel Lejarzari buruzko erreportajea eman zuen, haren balentriak gogorarazteko. Espainiarrek ez dezatela ahaztu, badaezpada ere, zein den terrorismoaren kontrako demokrata zintzoen bidea, are gutxiago Euskal Herriko erakunde politiko batek bakerako proposamena egin duen honetan. Si vis pacem eta abar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun