Arnasa - Fredi Paya / bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 26a, 22:11
Badakit deabrua beste lau urtez munduko presidente izendatu dutela, eta zapalduen mundu mailako sinboloa zen Arafatek umezurtz utzi gaituela. Memorian itsatsirik dauzkat azken asteetako atxilotuen tortura lazgarrien salaketak, bizitzeko beldurrez bizi diren emakumeen aurpegiak zein lan egiteko eskubidea defenditzen dutenen suzko barrikadak. Ezin dut burutik kendu gure gatazka politikoa konpontzeko zabaldu den abagune berria. Aitzitik, gaur neure burua lehenetsiko dut. Lagun min batek esan ohi duen moduan.
Zuekin konpartitu gura dut frontoia bete jenderen aurrean hanka sartzearen esperientzia. Puntuari eman nizkion bi erantzun tangentzial kenduta polito zihoan azterketa. Txapelketan gozatzen ari nintzen beste behin ere. Bertsotan aritzeko bitarteko eta helburua. Baina nire patu tragikomikoari gustatzen zaion eran, azken bertsoko azken berban zain neukan partxiseko garezurraren laukitxoa. Berriro hastera? Baliteke. Baina bi urte barru arte ez dago partxisik. Eskuzabalegia izateagatik gertatu zitzaidan. Nori bururatzen zaio hirugarren puntuan arnasa hartu eta gero seigarrenean ematea? Marxek txalotuko luke, agian. Egia esan, ez dago bizitzerik arnasa hartu eta gero berriro haizeari eman barik. Tabakoa utzi beharko dut.

Berria egunkarian 2004ko azaroaren 26an argitaratutako iritzi-artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun