Aukerak eta arriskuak UPV/EHUn - Iñaki Antiguedad, Amaia Andreu, Pilartxo Etxeberria, Egoitz Albizu, Txoli Mateos, Fito Bornaetxea / EHUko Izenetik Izanera Foroko kideak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 15a, 17:36
Sei hilabete pasatu dira Juan Ignacio Pérezek UPV/EHUko errektore kargua hartu zuenetik. Denboraldi luzea ez bada ere, agintaldiaren zortzirena baino ez, bai nahikoa, behintzat, orain artekoari gainbegiratua emateko, aukerak eta arriskuak agertuz. Gogoeta honetan kontuan hartu izan ditugu errektorearen taldeak egindako kudeaketa, eta leku diferenteetan (klaustroan, ikasturtearen irekitze-ekitaldian, Gasteizko Le- gebiltzarrean) errektoreak berak azaldu dituen asmoak, bestetik. Izan ere, azken asteotan UPV/EHU berriro ere izan da albiste, lehendik ziren arazoek, asko eta askotarikoak, bere horretan dirautelako. Lau puntu funtsezko nahi ditugu hemen ukitu, gogoetaren ardatz modura, gehiago badirela jakinda ere.
UPV/EHUk ezin du inor euskarazko zerbitzurik gabe utzi. Gaur egun, UPV/EHUra ailegatzen diren ikasleen %49k euskaraz egiten dituzte hautaprobak. Hala ere, ez dute gero beren ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera izaten. Izan ere, Euskararen Normalizaziorako II Plangintza amaitu ondoren, UPV/EHUk eskaintzen dituen 75 titulazioen artean 20 baino ezin dira osorik euskaraz burutu. Ikasleen eskaera horri erantzuteko irakasle euskaldunak izatea ezinbestekoa da. Egun, unibertsitate honetako irakasleen %30 baino ez dira elebiduna, euskaraz emateko gai, beraz. Gasteizko Legebiltzarrean errektoreak berak aitortu moduan, deso-reka nabarmena dago ira- kasleen hizkuntz gaitasunaren eta ikasleen eskaeraren artean.

Desoreka honi aurre egiteko bultzatu beharreko estrategia argirik ez dago egun, eta hori kezkatzekoa da. Are gehiago, aurrera begiratuta, Europako Unibertsitate-Esparruan kokatzeko unean. Esparru hori gauzatuta, graduko eta graduondoko ikasketak bereiziko dira. Gradukoetan euskararen presentzia bermatuta egoteko duda handirik ez bada ere, zer berme izango da graduondokoetan? Normalizaziorako Plangintza berriarekin edo gabe, irizpide garbiak finkatu behar ditugu ikasketa-mota guztietan euskarak eskaerari erantzun diezaion. Eta aurrera egin ere AZPkoen euskalduntzean eta unibertsitatean diren zerbitzu guztietakoan (kafetegiak, bulego- ak...). Euskaldunok UPV/ EHUko inongo txokotan arrotz sentitzeko motiborik izan ez dezagun.

Unibertsitario guztien esku-hartzea bermatu behar da, barne-demokrazia izango bada. UPV/EHUko Estatutuen eztabaidan, Gobernu zentralaren LOUk ezarritako irakasleen zatiketa eta hierarkizazioari aurre egiteko aurkeztu ziren proposamenak bazter utzi zituzten hierarkizazioaren aldekoek. Eta horren ondorioak hasiak dira ikusten: orain arte kudeaketan aritu diren irakasle batzuk horren kanpo geratu dira funtzionario dok- tore ez izateagatik. Euskal Unibertsitate Lege berriaren arabera, ostera, Estatutuek bermatu behar dute irakasle kontratatuen eta irakasle funtzionario doktoreen presentzia orekatua gobernu-organoetan, baina eginetan ez da horrela. Desoreka hori gainditzeko bidea egin behar dugu, jarduera guztietan irakasle guztion esku-hartzea bultzatzeko asmoz. Horrekin batera, ordezkatze organoetan ikasleen esku-hartzea bultzatzeko hartutako konpromisoa ez da gauzatu.

Finantzabidea da UPV/ EHUri lotuta aldizka entzuten den albiste nagusia, eta honetaz hainbat bider agertua da errektorea, kementsu, finantzabide egonkorra eta nahikoa eskatzen. Ulertzekoa da, arazo handia delako finantzena, handietan ez bakarra, baina. Gure ustez, eskari hau bezain inportantea da, dudarik gabe, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen garapena kemen beraz eskatzea (Unibertsitate-Plana, Kalitate-Agentzia, Irakasle Laboralen garapena, AZPkoentzako enplegu-eskaintza, Euskal Unibertsitate Kontseilua...), eta UPV/EHUtik bertatik eskatzea, gainera. Izan ere, orain zazpi hilabeteko Legea izan arren, bere hartan dirau, letra hutsean. Legea garatu gabe irauteak hainbat arazo iraunarazten ditu: finantzabidea edo langile askoren egonkortasun eza, esaterako. Eskari horrekin batera, eta bide bereko eskariak izanik, UPV/EHUk eskatu behar dio Eusko Jaurlaritzari unibertsitate publikoarekiko finantza konpromiso sendoa behingoz har dezan, estrukturala den defizita, irakasle funtzionarioen ordainsari osagarriez apartekoa, behingoz ere gainditzeko, unibertsitate hau kalitate-sistemakoa izango bada.

Preso dauden ikasleek UPV/EHUn ikasteko eskubidearena da funtsezko beste puntu bat. UPV/ EHUk urratsak egin ditu eta horien ondorioa da Gobernu Kontseiluak onartu duen Ikasle Presoentzako Protokoloa. UNEDeko eta UPV/ EHUko araudiei jarraituz, presoek aukeratu ditzaketen ikasketak, ikasteko baliabideak, ebaluazio-mota eta bestelakoak biltzen dira horretara. Protokoloa aho batez onartua izan arren, Espainiako espetxeetan ez da abian jarriko Presondegien Erakundearekin hitzarmena sinatu arte, eta ez dirudi hau epe laburrean izango denik. Horrexegatik eskatzen diogu errektoreari eta Eusko Legebiltzarrari Protokoloa gauzatzeko neurriak har ditzatela, presoek beste urte bat galdu ez dezaten. Hori lortu bitartean ezin gu begira geratu.

Sei hilabete igaro dira, bai. Orduko hartan, iritzi hau sinatzen dugunok errektoretzarako hauteskundeetan bildu gintuen kandidaturaren izenean, zera adierazi genuen artikulu batean: «UPV/EHU ziklo baten amaierako atarian egon daiteke. Neurri handi batean eskuan dugu hori, gure programari atxikitako ikasle, irakasle eta langileek, nork bere lekutik, beren jarduera unibertsitarioa proiektu komunak aurrera ateratzen bideratuz. Ziklo berri hori gauzatzeko gure elkarlana eskaintzen dugu, hitzez eta eginez».

Igaro den denboraldian lanean segitu dugu, eta orduan esana, «kandidatura baten inguruan sortutako ekimena sare edota foro egonkor eta eraginkor bihurtu beharra dugu», gogoan, Izenetik Izanera Foroa eratu dugu, hauteskundeetan defendatu genuen Unibertsitate ereduaren alde egiteko, elkarlana posiblea denean elkarlanean. Laster baten, otsailean hain justu, UPV/EHU izenarekin ezagutzen dugun Unibertsitate honek 25. urtemuga ospatuko du. Atzera baino gehiago aurrera begiratu behar dugunez, eta gaurkoa denez aurrekoaren lehena, izenetik izanera joateko aukera berriak sortu eta gauzatzeko asmoa azaldu nahi dugu, tartean arriskuak izanda ere.

Gara egunkariak 2004ko abenduaren 15ean argitaratutako iritzi artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun