Santutxuko iluntasuna - Mikel Carramiñana / Mediaberri.com-eko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 27a, 21:35
Gabonetako ohituretariko bat da urtean zehar emandakoa birpasatzea, komunikabideetatik hasi eta tabernetako tertulietan bukatu. Mundua, egia esan, gutxi aldatu da 2004.ean, gora begira behintzat, agintari bera egokitu baitiote estatubatuarrek munduko biztanleri osoari. Etxean berriz, ildo nagusiak mantendu dira: Ibarretxe planaren promesa, ezker abertzalearen betiereko ilegalizazioa eta garai bateko desindustralizazioa berreskuratzea. Euskal Herriko gaztetxeek urte bereziki txarra bizi izan dute.
Bilboko auzorik jendetsuena da Santutxu dentsitatea aintzat hartuta. Garai batean Bilboren inguruan kokatutako mendixka bat baino ez zena, bizi handiko ingurunea bilakatu da azken hamarkadetan. Euskarak badu leku berezia Santutxuko kaleetan, eta gazteria gogotsua da, kementsua. Horregatik abiatu zuten Sorgintxulo gaztetxea eta urte luzeetan zehar mantendu ere. Auzoko ehunaka gaztek hartu dute parte gaztetxean egin izan diren ekitaldi eta jarduera ugarietan, baina duela gutxi, amets horrek bukatutzat eman du Bilboko Udalak.

Oso aitzakia ona baliatu du gainera Azkuna jaunaren gobernu taldeak, zaharrentzako eguneko zentroa eraiki behar duela bertan hain zuzen ere. Zenbakietan erreparatuz, ordea, ez dirudi oso plan bikaina 24 agureentzako lokala irekitzea dozenaka gazteek egunero burutzen zituzten lekua deuseztatuz. Argi dago benetako arrazoia, beti bezala, gazteen autogestioa eta antolaketa zapuztea dela. Tamalez, Sorgintxulokoa ez da izan azken hileotan eman den desalojo bakarra, asko izan baitira aurten eman diren erasoak Euskal Herriko gaztetxeen kontra: Getxo, Iruñea, Bilboko Alde Zaharra, Larrabetzu eta abar luze bat aipatu daiteke.

Santutxuko merkatariek ez dute akordiorik lortu Udalarekin gabonetako argiak auzoan jartzeko. Hauekin ez ezik, ertzain eta udaltzain beltzez ilundu dira Santutxuko kaleak eta gazteen oihuek hartu dute Olentzaroaren kantak hartu beharreko doinua. Zorionik ez aurtengoan, goibeltasuna da nagusi Mahatserriko gazteen artean gabonetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun