Herriak, Europa - Gabi Basañez / EHEko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 18a, 17:53
Europaren esanahiaren inguruko kantu zahar bezain argigarri bati jarraituko natzaio, euskaltzalea naizen aldetik, Europako Itun Konstituzionalari buruz ditudan usteak laguntzeko.

"Badakit unibertsalak izan behar garela... Euskaradunen kontrako estatu espainol eta frantsesaren bilakaera zapaltzaileak, gizarte funtzio garrantzitsuenetatik erdalduntzen hasi ziren hizkuntza ordezkatze prozesua: ebatz-organo politiko eta ekonomiatik. Euskara, sendian eta baserri giroan babestu zen gehien bat. Francoren garaia amaitzear zegoela berreuskalduntze mugimenduak euskara modernotasunean murgiltzeko premia zuen: eskola, komunikabideak. Beste gai batzuk jorratzearen nahia baita, erdal mundutik zetorren ideien berriztatzea euskal unibertsora eramatekoa. Baina bazen, eta bada ere, baserri inguruko kultura ez dela unibertsala, atzerakoia eta zaharkitua gelditu izanaren hala-moduzko sentsazioa. Artaburu konplexua astindu beharra. Unibertsalak izateak, hizkuntzei dagokienean, ez gintuzke Europan modernotasun betean dauden herri hizkuntzen berdintasuna aldarrikatzera soilik eraman behar. Kontsumismoa oinarri ez duten Europako eta munduko beste herrien hizkuntza berdintasuna buruan egin behar dugu gurean lan. Gure normalkuntza prozesua ez da beste herrienekin kontrajarri. Erreferendumera datorren Itun Konstituzionalak berriz, Europan bizirik diren 125 hizkuntzatatik 21 soilik ofizialduko ditu, estatu propioa duten hizkuntzak, alegia.
Bainan euskalduntasuna eta euskera oinarria... Hizkuntza politika aurreratuen dugun Lurralde zatikatuan nabarmen, ofizialtasuna legez onartua egon arren, gure dugunok ezin euskaraz bizi. Hala ere, euskara eta euskalduntasuna oinarri sendoa jarririk, buruz buru plantea genitzake beste auzo hizkuntzekiko harremanak. Tamalez, ofizial izango diren 21 hizkuntza horien artean frantsesera, gaztelera eta ingelesa daude. Hiru hizkuntzok indartzeko ahalegin gozagaitua dator. Ez dugu euskaldunok, galesek, katalanek, sarduek... hizkuntza eskubiderik izango Europako Batasunaren aurrean. Geuk gazteleraz edo frantsesaraz aritu beharko. Ezinbestean.

Europa guztiz berria, benetako alkartea... Berritasun gutxi dakar Itunak. Gaur arte, hizkuntzen arteko berdintasuna helburu, nazioartean landu den dokumenturik garrantzitsuena, Bartzelonan 1996.ean mundu zabaleko hizkuntzalariek adostutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazioa dugu. Bi ditu ardatz garrantzitsuenak: hizkuntza eskubideak eta hizkuntza komunitateak. Biak ala biak baztertu ditu Itun europarrak. Hizkuntza gatazkak areagotu nahi diren seinale, aniztasunaren mezu ederrak Europako soberako ahotsak irrintzi barik desagerraraziko dituela konbentziturik, antza. Benetako elkarte bat nahi denean, bazkide izango direnekiko proiektua konpartitzea, eztabaidatzea eta adostea da derrigorrezko. Zein elkarte edo norbanako euskaltzaleri galdetu diote ezer?

Herrietan finkatua, ez jauntxo ekonomia... Estatuak hartzen ditu aintzat Itunak. Bretainarik, Okzitaniarik, Cymrurik, Euskal Herririk ez dira existitu ere egiten. Horrexegatik harrigarria da Imazi entzutea: "Ipar eta Hego Euskal Herrian konpartitzen dugun proiektu bakarra da Europako Konstituzioa". Euskal Unibertsora kate motzean mugatuz, AEK, Kontseilua, EHE, EHKME, UEU, Udal Herrien bizia euskalduntzea, Berriaà Jeltzaleen buruak ez ote daki proiektuok konpartitzen ditugula edo ez ote die proiektu kategoriarik ematen hauei? Merkatu ekonomiak agintzen du zer den proiektu eta zer ez.

Badakit nire abotsa isiltasunaren gauean galduko dela, baina nik deiadar ta deiadar... Galdetzen hasi ezkero euskaldun gutxik topatuko ditugu herri guztien eta hizkuntza guztien berdintasunaren aurka. Itun hau, aurrera pausua balitz bezala zakur-ametsa zabaltzen ikusteak, bati ezkortasuna sustraitu liezaioke tripetan. Deiadar egin dezagun. Ezerezetik eta haize denak kontra, ginena izateko borondatea ere altxatzeko gauza izan den herriak, egun argiz bezain ozen, Itun honi EZETZ esango dio. Berriro ere, herri eta hizkuntza berdintasunaren Europari ateak zabalik uzteko. Deiadarrari kasu eginez,... gauz bat bakar ezpainetan, Herriak, Europa".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun