"Arteskundeak" - Mikel Carramiñana / Mediaberri.com-eko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 1a, 11:03
Gutxik ulertzen zuten Europako konstituzio ituna bozkatu edo, batez ere, ez bozkatu ondoren, Euskal Autonomi Erkidegoko euskal hiritarrek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hasi behar dira pentsatzen. Norbere kabuz hasteko asmorik ez duenak izango du, haatik, kanpaina zaratatsuek eragindako buruko minak. Beti bezala, lau urtetan behin baino gehiagotan bozkatzen dela gauza jakina da eta, hauteskundeen emaitzak Euskal Herriaren etorkizunerako erabakigarriak izango direla saldu nahi izango dute politikariek.
EAJk, EBk eta EAk osatzen duten hirukoak gehiengo absolutua lortzeko aukera handiak ditu, lehenengo inkesten arabera eta ezker abertzalearen alderdirik aurkezteko aukerarik azkenik ez badago. Batasunak aurkeztu du, alabaina, bere zerrenda, eta herritarren diru laguntza eskatu du oraingoan diru publikoarekin egiterik izango ez duten kanpainarako. Egoera latz baten ondorioa baino ez litzateke izango esandakoa. Izan ere, erabakigarriak edo ez, berritasunak egongo dira, eta garrantzitsuak.

Ezker abertzalea legez kanpo utzi zutenetik, birritan aurkeztu dira milaka herritarren babesa jaso izan dituzten zerrendak. Udal hauteskundeetan herri plataforma gutxi batzuk baino ez zuten izan legez aurkezteko aukera, eta oraingoan, Espainiako aurreko zein egungo gobernuek hainbeste ospatu duten egitatea, alegia, Batasuna euskal politikatik at geldituko dela. Bitxia da baina, gerora esango dutela hirukoak lortuko ei duen gehiengoa “Batasunaren desagerpenari esker ematen dela”. Ibarretxek, bestalde, hauteskundeak ahalik eta gehien atzeratzeko eskaerari ezezkoa eman dio, eta justu kontrakoa egin izan du, aurreratzea, diotenez, Estatutu berrirako proposamena programaren parte bihurtzeko.

Ikusi beharreko zenbait gauza daude, Aralarren emaitzak zeintzuk izango diren, Batasunak berak jasoko dituen baliogabetutako botoak eta PSE-EEren iragarritako gorakada zenbatekoa den. Edonola, argi dagoena gauza bakarra iruzur diren beste hauteskunde batzuk plazaratzen zaizkiola herriari, guztien parte hartzea bermatzen ez dituztenak eta, hortaz, benetako herri ordezkaritzaren ondorio izango ez dutenak. Arte hitzak, edertasunaren filosofia praktikoa izateaz gain, ehizan erabilitako tranpa adierazi nahi euskaraz; gureak, beraz, arteskundeak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun