Getxon bizitzea gero eta garestiago - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 11a, 20:12
Getxo Bizia herri plataformari dagokion zinegotzi postua lapurtuz EAJ-EA-EB udal gobernuak Getxoko Udal Batzarreko 13 postuen gehiengo osoa eskuratu duenetik, nabarmenki ari da herritar arruntarentzat bizimodua garestitzen udalerri honetan. Udal tasa eta zergek igoera aipagarriak izan badituzte 2004 eta 2005. urtetarako, zarama bilketagatiko tasari ezarri berri zaion %86ko igoerak marka guztiak gainditu ditu. Bitartean etxebizitza berrien salneurriak azken urtean %17an igo dira gure udalerrian.
Udal tasak

Eredu neoliberalaren arabera herritarrari eskeintzen zaizkion zerbitzuak daukaten kostearekin kobratu egin behar dira eta irizpide hori ari dira eskumako eta askotan izenez ezkerrekoak diren agintariak apurka apurka eremu guztietara zabaltzen. Hautetsi gisa udaletxean izan dudan esperientziak lehenengo egunetik erakutsi zidan eredu hau praktikara eramaterakoan PP eta EAJ adostasun handiz ildo beretik doazela, inoiz eta interes zehatzen arabera desberdintasun batzuk agertzen badira ere.

Zerbitzuak pribatizatuz, doakotasuna gero eta alor gutxiagotara murriztuz eta kobratzen diren tasak daukaten kostearekin parekatuz, zerbitzu publikoak oinarrizko izaera soziala galtzen ari dira. Adierazgarria da Fadura Udal Kiroldegiko aurtengo %10eko tasa igoerak justifikatzeko, iaz %5ean ere igo ziren, udal erakunde honetako presidente den Guzmán Aranagak kiroldegiko kide guztiei igorritako gutunean zioena: “Tasa kontzeptua. Definizioz, zerbitzu publiko baten truke kobratzen dena da tasa. Emandako zerbitzuaren kostu osoa estali behar du tasak. (...)” Bere esaldian teoria neoliberala dena udal tasaren definizio gisa agertzen da, guztioi beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahian eta kirol instalazioen erabilera ezin dela osasun publikorako ondasun gisa doakoa ala ekonomikoki eskuragarriagoa izan.

Estolderia eta zarama bilketagatiko tasen igoerak are larriagoak dira, doktrina neoliberala (edo dotrina, erlijio berria dirudi eta) herritar guzti guztiontzat ezinbestekoa den zerbitzuari ezartzen ari zaiolako. Etxean ur kontadorea jartzen digutenetik, ura, estolderia eta zarama bilketa ordaintzen ditugu. Denak batera kobratzen dizkiguten arren, ura Ur Partzuergoak kobratzen du eta estolderia eta zarama bilketa Udalak. 2005erako estolderia tasa %7an igo da. Zarama bilketa %30ean 2004rako eta orain %86an. 2003an etxebizitza bakoitzeko eta hiru hilabetero12.85 € ordaintzen genuen. Igoera berriaren ondoren 29.93 € ordainduko dugu, hau da, bi urtetan igoera %133koa izan da. Etxe txikia zein handia izan, 30m2-ko etxabe batean zein lorategidun jauregi batean bizi, gutxi zein asko kontsumitu, zarama bilketagatiko tasa etxebizitza bakoitzeko berdin berdina da.

Politika birbanatzaileak martxan jarri nahi badira, doako zerbitzu publikoak zabaldu eta udal tasak merketzeko erabaki tinkoak hartu behar dira. Zarama tasan eta udal tasetan oro har izandako igoera ezin dugu besterik gabe irentsi. Bestela desberdintasun sozialak areagotu, langilegoaren ahalmen ekonomikoa urritu eta populazioaren sektore gero eta zabalagoak baztertzen dituen eredu neoliberala gero eta gehiago zabalduko da.

Etxebizitzen prezioa

Urtarrilean bertan argitaraturiko estatuko tasazio elkartearen datuen arabera etxebizitza berrien prezioak asko garestitu dira 2004 urtean zehar. Igoera Bilbon %13,9koa izan bada, Getxon are handiagoa, %17,9koa hain zuzen ere. Kasu bietan Hegoaldeko gainontzeko hiriburuetan baino handiagoa eta KPI izenekoaren igoera biderkatzen duena.

Sarri aipatzen den burbuila ekonomikoa egon ala ez, etxe berri eta erabilien trukez eskatu eta pagatu egiten den dirutza gora doa etengabe abiada ikaragarrian. Duela bizpahiru urte Getxon etxeetako beheko solairuetako lonjetan etxebizitzak egokitzeko baimenak ematen hasi zirenetik, hauen salneurriak ere besteen pare jarri dira eta jadanik ez dira, m2-ko salneurriari dagokionez behintzat, ezeren alternatiba. Babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza hain da txikia, duela 8 urte iragartzen ziren udal erresidentziaren ondokoko etxeak adibidez, orain ari direla eraikitzen eta beste batzuk ezta hori ere. Etxebizitza sozialik ez dago eta udalak ez du alokairu publikoa sustatzeko asmorik. Hau da, denok merkatuaren diktaduraren menpe. Ezker Batuak ez du ezelako aldaketarik eragin Getxoko Udaleko etxebizitza politikan.

Aldaketa sakonak behar ditugu

Politika birbanatzaileak ausardiaz jarri behar dira martxan. Udal zerga eta tasei dagokienez bezala etxebizitza politika berriak ere behar dira, ezin baitugu hiri plangintza ero batek babes ofizialeko etxebizitzetan zehazten duen minimo zikoitza eta ilegalari lotuta egon.

Getxon zer egin eta nola egin eztabaidatzeko unea heldu da. Hasteko entzun dezagun Bilbon eta Ezkerraldean gizarte mugimenduek esan eta proposatzen dutena. Etxebizitza eskubidea da. Datorren martxoaren 21ean astelehenez eta arratsaldeko 7.30etan, Ireki etxebizitzaren aldeko Bilboko plataforma eta Ezkerraldeko Berriotxoak taldeko kideak Algortako kultur etxean izango dira. Getxo Bizia herri plataformak parte hartzera gonbidatzen zaitu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun