Mediaberri: Hiru urte sarean - Mikel Carramiñana / Mediaberri.com webguneko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 19a, 20:37
Pixkanaka, tipi-tapa, hiru urte hauetan hazi gara forman eta edukietan, atal berriak sortuz, besteak moldatuz eta laguntzaile berri gutxi batzuk erakartzen. 36 hilabete igaro dira eta, hauetan, gaurkotasunak etengabeko jarioan jarraitu du. Albisteak bere fluxuaren barne garraiatu gaitu eta guk, gure txikitasunetik, izar galdu bat unibertsoko bazter batean, zerbait eman nahi izan diogu Interneteko euskal irakurleari.
Duela urte batzuk, Karmelo Landak gogoratu zigun komunikabide batek bere espazioa sortu eta garatu behar duela. Ez dakit gure lelo horretan agertzen den "Euskal Herritik mundura" ez ote den espazio zabalegia hartzeko nahia. Informazioaren globalizazioa ekiditeko modu bakarra omen da lokalki informatzea, gertaeratik ahalik eta gertuen. Nahikoa du ordea, gaur egungo kazetaritzak, gaurkotasunaren itsas zabalean itotzen ez bada. Gure txalupak bi gidari izan ditu: Ipar haizea izan den euskal hizkuntza eta lemazain jardun den alternatibo kutsuak.

Askok uste izan dute, informazio alternatiboa "seriotasunik gabeko kazetaritzan" oinarritzen dela. Iritzi horren kontra garatu dugu gure lana, kazetariek eginiko euskal komunikabide bakanetarikoa sortuz. Ez dezagun ahaztu Indymedia edo Gaztesarea bezalako proiektuak, biak gurea baino beranduago sortuak, oso bestelako helburuak dituztela, guztiak ere zilegi eta beharrezkoak direla badiogu ere. “Subjektibotasun zintzoaren” bidea hartu nahi izan dugu, objektibotasunaren ideia aspaldi kale egin zuelako. Gure arrakasta edo porrota beste batzuek ondorioztatu behar izango dute.

Norabide zuzenean

Ez da erraza inork ezagutzen ez duen komunikabide bat ezerezetik sortzea eta sare-artearen bidez, euskal hiztun eta internauta diren guztiengana heltzea, batez ere publizitaterako baliabiderik ez dagoenean. Baina gogoak ez du inoiz salneurririk izan, ezta bozgorailuen bidez zabaldu beharrik. Irakurle zaren edo izan zaren horri eskertu behar dizuegu noizbehinka webgune honetara hurbildu izanagatik. Gure hizkuntzak, gure euskal komunikabideek eraso gogorrak pairatu dituzte Mediaberrik “bizi” izan dituen urte hauetan ere. Euskal gizarteak erantzun egin die erasoei, eta gure aldetik proiektu hau sendotzeko balio izan dutela ziurtatu dezakegu.

Gu geuk pairatu genuen zentsura, 2003ko urrian, EHUko errektore izandako Monteroren eskutik, eta horrek norabide zuzenean genbiltzala erakutsi zigun. Euskal Herri osotik jaso genituen elkartasun mezuak orduan, baita Hego Ameriketatik ere. Aurrerantzean gainera, Bilboko Gizarte Ikerkuntzarako Talde Eragilearekin (GITE-IPES) elkarlanean aro berriari ekin genion.

Mediaberriren benetako hastapenak Afganistango gudan kokatzen dira, EHUko irakasle Josu Amezagari AEBek burututako erasoen inguruan hedabideen azterketa egitea otu zitzaionean. Esan ohi da gerretan egia dela aurreneko biktima eta azken urte hauetan kazetariak ere izan dira biktimak, askotan lehenengo biktima hori salbatu nahian. Gurean ez dugu gerra korrespontsalik, baina orain arte eginiko lanari eusteko konpromisoari helduko diogula adierazi dezakegu.

Webgune hau gauzatzea eta dagoeneko 3 urte betetzea posible egin duten guztiei, irakurle diren eta izan direnei, eskerrik beroenak. Agur berezia, nire koordinadore lan honetatik, erredaktore zein kolaboratzaile izandako guztiei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun