Leioako EAE: "Leioa, 'nos lo pedia el corazoncito'"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 26a, 19:40
Horixe izan da Eneko Arruebarrena, geure alkate jaunak, prentsaurreko batean botatako azken lorea. EAJk, porlanez eta negozio zikinez betetako bere bihotzari entzuten omen dio. Hondeamakinek, kotxeek eta diruak bultzatutako taupadek, herritarrek baino soinu gogorragoa ote dute? Datozen hilabeteotan EAJk, IUren laguntzarekin eta herritarron borondatearen gainetik, hainbat obra erraldoi hasi behar omen ditu, gehienak isilpekeriz eta nahasmenduz beteak. Avanzadako pasarelak, Lamiako eta Txopoetako araztegia, tranbia, Ondizko txaletak, errepide berriak... Hori da EAJk eta IUk nahi duten Leioa: lau errailetako errepide batek mozten duen herria, Uribe Kosta eta Txorierriko biztanle guztien kaka bilduko duen herria, behar ez duen tranbia batek gurutzatuko duen herria, gazteek alde egin behar duten herria eta, besteak beste, gune berde bakarrak lorontzietan izango dituen herria, ikusi bai, baina ez zapaltzeko. Hori bai, jatetxe garesti, enpresek dirua ateratzeko kultur etxe modernoa eta guztiontzako ez den polikiroldegi batekin apaindua. Argazkian, Eneko Arruebarrena Magdalena Alvarez Espainiako Herrilanetarako ministroarekin Kultur Leioaren finantziazioari buruzko akordioa sinatzeko ekitaldian.
Eta herritarron hitza kotxeena, hondeamakinena eta porlan makinena baino altuago entzun eta traba egiten duenean, horien aurka egiten dute adibidez, Lamiako eta Txopoetako auzokideak gezurti deituz. Horretarako asmakizunak botatzen dituzte: “322.000 pertsonentzako araztegi batek ez du usainik izango” edo eta, pilota, besteen teilatuan jartzen dute: “Avanzadarekin leporaino bustiko gara, baina ardura ez da gurea, Diputazioarena baizik" (hau da, EAJ).

Hori da, hain zuzen ere, hitz “polit” horiekin, Enekok saldu nahi diguna. Gainera, hau guzti hau aurrera ateratzeko, ez daukate arazorik, Udaletxeak berak, aurretik hartutako erabakiak ahaztu eta zanpatzeko: Avanzada estaltzea kasu.

Jakin dezatela, bada, Enekok eta bere bihotzak, nahiz eta EAEri, eta herritarrei oro har, udaletxearen ateak giltzarraporik handienarekin itxi (zinegotziak lapurtu, bileretara joaten ez utzi, informazioa ukatu..), ez dugula onartuko, leioaztarron borondatearen gainetik negozioa egiten jarraitzea. Herri hobeago baten alde lanean dauden auzo elkarteei zein eragileei, gure sostengu osoa adierazi nahi diegu, eta Leioa demokratiko eta partehartzaile baten alde lan egiteko konpromisoa berresten dugu. Guk ere bihotza badaukagulako, baina gurea benetakoa da, ez dauka diruzorro formarik.

Rakel Olea eta Ana Ortega, Leioako EAE udal taldearen izenean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun