Biktimak eta gizatasuna - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 13a, 18:41
Biktimak direla eta ez direla aho askotan dabilen gaia den une honetan oso kontura dator iraultza bi —Ipar Amerikakoa eta Frantziakoa— ongi ezagutu zituen Thomas Paine idazleak, 1791-92ko The Rights of Man liburuan idatzita utzi zuen ideia hau: “Zein printzipiok egon behar du indarrean —galdetzen zuen Painek— bi balizko izakitik, bata existitzeari utzi diona eta bestea oraindik existitzen ez dena, mundu honetan sekula elkar aurkituko ez direla, horietarik bat mendeak agortu arte bestearen jabe izan daitekeela baimentzeko?”.
Bestalde, Johann Gottlieb Fichte filosofo alemaniarrak esana utzi zuen, ezin dugula pretenditu gure pentsaera, gure printzipio politiko eta moralak mila urte barru ere bere horretan, gaur egun guretzat duten esangura berberarekin mantenduko direnik. Naziak mila urteko Reich-a eraikitzen saiatu ziren. Adolfo Suárez behin batean, UCD-z ari zela, ehun urteko gobernuaz hitz egin zuen. Enfin, ebidentzia horietaz egin daitezkeen iruzkinak sobera daude.

Eta hau guztia kontura dator gaur egun Partidu Popularrak biktimen gogoramena galdu ez dadin, biktima horiek bizi izan zuten egoera politiko berbera denboran mugagabe luzatzeko asmoa duelako. Beste hitzekin esateko, eta Paine-ren arestiko ideia tartean dela: atzoko hildakoen memoriak gaurko eta biharko bizidunen bizitza muga dezala, alegia. Horretarako, hain zuzen ere, atzoko biktimak eragin zituen egoera, bere horretan, aldaketarik gabe, etorkizun pluskuanperfekturaino luzatzea proposatzen dute. Hots, historia gertaera berberen errepikapen etengabea izan dadin: Konstituzio berbera, estatutu berberak, balio berberak, ideologia berberak… hau da, frankismoak eta haren oinordekoek hainbeste maite duten “Espainia eternoa” efektiboa egin dadin.

Guk berriz, Fichte-ri jarraikiz, trinko mantenduko dugu inork ez duela bere Gizatasunaz abdikatzeko eskubiderik; hots, edozein gizakik egoera injustu eta gatazkatsuak aldatzeko posibilitateari, eta biktimak sortu dituzten arazoak ebatziko dituen beste egoera bat sortzeko aukerari ezin die uko egin bere Gizatasuna galdu gabe. Beste era batera esanda: bizitza heriotzaren gainetik, konpromisoa eta konkordia gorrotoari, gogoramen mingotsari eta mendekuari gailentzen zaien egoera berri baten Humanitatea sortu beharra dago gure Gizatasuna galdu nahi ez badugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun