Armintzako herrigunea berrantolatuko du Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 4a, 23:29
Lemoizko Udalak ideia-lehiaketa deitu du Armintzako herrigunea berrantolatzeko asmoz. Talaiako plazan eta kalean egingo dira hobekuntzak, portura jaisteko gune nagusian alegia. Izan ere, "gaur egun hutsaren parekoa da horren urbanizazioa, eremu nahiko hondatuta baitago", udal arduradunek azaldu dutenez. Lehiaketaren baldintza-orrien arabera, ondoko hauek dira hobetu beharrekoak: espaloi txikiak (metro bateko zabalerara iristen ez direnak), egoera txarrean dauden asfalto zatiak eta itxura eskasa daukaten eraikinak. Horrenbestez, gunea zaharberritzeko proposamenetan, oinezkoak ibiltzeko moduko eremua jaso beharko da, "sartzeko erraza eta gainerako udal ekipamenduei egokiro lotuta egongo dena". Baita bizilagunei zuzendutako lur azpiko aparkalekua eta horren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana ere. (Argazkian, Armintzako portua).
Lehiaketak beste helburu bat ere badu: eraikin-diseinu aski erakargarria eskaintzea, "auzotarrak euren etxeak zaharberritzera bultzatzeko asmoz". Armintza osoan "harik eta irudi bateratuagoa" lortu nahi du Lemoizko Udalak. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso dute, Izartu egitasmoaren bitartez. Lehiaketaren irabazleak 12.000 euro jasoko ditu; bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, 6.000 eta 3.000 euro, hurrenez hurren.

Hobekuntzak portuan

Bestalde, orain aste batzuk eman zaie amaiera, Lemoizko Udala Armintzako portuan egiten ari zen berrikuntzei. Horien kostua 24.040 eurokoa izan da eta ondoko lan hauek burutu dira: pasealekuko arrakalak kendu eta portuko zurezko zutabe zaharrak hormigoiz indartu dituzte. Halaber, Txorope aldeko pasealekua harlauzez jantzi eta kaiko argiztapen-sistema osoa berriztatu du. Portuko bertako eta inguruko etxebizitza zaharren saneamendua hobetzeari ere ekin zaio.

Baldintza-orriak (pdf)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun