Frontoi estalia altxatu eta landa errepideak konponduko dituzte Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko ots. 27a, 12:05
Barrikako Udalak lurren birkalifikazioa behin-behinekoz onartu ostean, aurten hasiko dira frontoi berria eraikitzen. Tokiko agintariek azaldu dutenez, hurrengo hilabetean udaletxean egongo dira ikusgai horren gaineko azterlanak eta hasierako proiektua, behin betiko onartuak izateko Bizkaiko Foru Aldundira bidali aurretik. Elexalden altxatuko dute frontoi berria, tenis eta paddle pisteten ondoan, udaletxetik hurbil. "Nahiz eta herritarrek proposamenak egin ditzaketen, denak adierazten du kilrol anitzerako kantxa izango dela, guztiz estalia, 45 metro luzerakoa eta harmaila zabalekin", azaldu dute. Jose Maria Ezpeleta alkateak nabarmendu duenez, "Barrikako kirolzaleei aukera handiak emango dizkie instalazio berriak, hainbat kiroletarako erabili ahal izango dutelako eguraldia dena delakoa dela". Argazkian, Barrikako udaletxea.
Landa errepideak

Barrikako hainbat landa errepidetako argiztapen eta asfaltatze lanak aurki hasiko dira. 41.000 euroko aurrekontua bereiztu du Udalak Goierri, Arriaga-Gane eta Ganbe batzen dituen errepideetan argi berriak jartzeko. Egun, argi arazo ugari izaten da errepide horretan gaua iristearekin batera. Ibilbidean hainbat farol berri jarriko dituzte. "Horiek guztiek tokiko 21 Agendaren kompromisoak beteko dituzte, ingurumenari ahalik eta kalte txikiena egiteko", adierazi dute udal iturriek. Horrez gain, Etxetxubarritik Ardantzara doan udal errepidean asfalto berria jarriko dute. Gaur egun hainbat arazo ditu errepide hontako zoluak, eta Jose Mari Ezpeleta alkateak onartu duenez, “auzoak kexu dira bidean zuloak daudelako, eta Urdulizko errepidera irteerarik ez duelako uzten. Arazo hauek konponduko ditu asfalto berriak". Egitasmorako 70.000 euro bideratuko ditu Udalak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun