Gaztetxeak beharrezkoak dira: Mendibile herriarentzat!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 30a, 12:24
Mendibile gaztetxea, Leioako hainbat gazte zein ez hain gazterentzako goiburu bat izan zen eta egun ere bada. Herri mugimenduaren sorkuntzaren iturburua bilakatu izan zen. Eraikin honen okupazioak, Udalaren jabegoan zegoen eraikin huts honen okupazioak, hainbat gazte eta proiekturen topalekua izan zen; Lila Gorriak talde feminista, Leioako Intsumiso Taldea (LIT), Alle, Amalurraren Defentzan, Gazte asanblada... Baina baita, gazte askoren topaleku ere bihurtu zen, Leioako gazte askok, bere irudimena landuz, eta autogestioa filosofiatzat hartuta, kultur eredu desberdin bat sortzen, zirriborratzen eta eraikitzen hasi baitzen. Kontzertuak, akelarreak, sagardo jaiak, liburutegia, hamaika tailer, antzerki taldea eta antzezlanak, azken finean gizarte kritika eta asaldatzea izan ziren 4 urte luzez eraikin hau bete izan zutenek. 2000. urteko ekainaren 26ko data mingotsean, Karmelo Sainz de La Maza eta bere udal taldeak, Leioako jaiak zirela baliatuz eta eraikina hutsik zegoenean, honen desalojoa bultzatu zuten arte. Magiaz betetako gune batekin bukatu zutelarik, berarekin espekulatu ahal izateko, eta kultura kapitalista oinarri Leioako auzokideontzako kontsumorako beste gune bat eskaintzen digute: jatetxe berri bat.
Badira hala ere airean geratzen diren hainbat galdera, kasualitatea izango da hainbeste denbora pasa izateak eraikina desalojatua izan zenetik bere inauguraziora arte? Kasualitatea izango da laster udal hauteskundeak izatea?

Eraikinean egindako konponketek, bai jauregia, bai bere ingurumena zapuztu besterik ez dituzte egin. Antzinako harri paretak eta zuhaitzak ezkutatu egiten dituzte bertan ezarritako hormigoiak, harriak eta altzairuak. Non geratzen da, Mendibile jauregiak eta bere ingurumenaren arteko sinbiosia?

Hau guztiau dela eta, gaur ospatzen den inaugurazioarekin haserre gaudela plazaratu behar dugu, egun Udalak aurkezten digun proiektua ez baitzaio eraikin honi bizia eman zioten gazteen amets eta asmoei inolaz ere erantzuten.

Beste behin ere, EAJrentzako, interes ekonomikoak, herrian elkargintza eta kultura bultzatzea baino garrantzitsuagoa da.

Ez txakolinik ez enparaurik, Mendibile gaztetxea izan zen!

Udondo gaztetxea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun