Botiloiaren aurkako legea atera du Berangoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko api. 3a, 21:20
Bide publikoan alkoholdun edarien kontsumoa debekatzeko ordenantza onartu berri du Berangoko Udalak. Miren Dobaran alkateak azaldutakoaren arabera, "auzotarren ongizatea bermatzeko" egin dute. "Bilbo eta Berango baino ez dira Bizkaian horrelako araudirik duten udalerri bakarrak", nabarmendu du. Oraindik ordenantza ez dago indarrean eta informatzea baino ez da izango udaltzainen hurrengo hamabost egunetako lana. Horretarako, Ertzaintzaren laguntza izango du tokiko poliziak: eurak arduratuko dira araudia betearazteaz, udaltzainak lanean ez dauden bitartean. Bi aste igarota, izunak jartzen hasiko da Berangoko Udala: 3.000 eurotara hel daitezke zigorrak. "Inori izuna jarri behar ez izatea nahiago" dutela adierazi du Dobaranek, "disuasio-neurria delako". Gaineratu duenez, "ez da gure asmoa dirua biltzea, baizik eta arazoa desageraraztea". Argazkian, ezezagun bat kalimotxoa egiten.
Berangoko udal agintariak gogoratutakoaren arabera, "300 bat lagun batu ziren herrian egin zen azken botiloi erraldoian". "Zarata eta auzotarrengan ezinegona ez ezik, eremu horretako ingurumenean kaltea ere eragiten dute", aipatu du Dobaranek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun