Lemoizko proiektua baztertzeko eskatu diote Iberdrolari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 27a, 21:45
Lemoizko zentral nuklearra itxi zenetik 25 urte igaro direla, horren gaineko jardunaldiak burutu zituen, joan den aste hasieran, Ekologistak Martxan taldeak, eta orain, erakusketa jarri dute Bilboko Pilota kaleko Ekoetxean. Izan ere, haren "mamua" oraindik dirau: Iberdrolak behin baino gehiagotan adierazi du bertan ziklo konbinatuko zentral termikoa jartzeko asmoa. Bada, solasaldiek emaitzak izan dituztela ematen du. Berriak ezezik, beste hainbat komunikabideek ere zabaldu dutenez, konpainia elektrikoak asmo hori bazter dezala eskatzeko idatzia izenpetu dute Eguzki, Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai talde ekologistek. Alde batetik, gasaren bitartez funtzionatzen duen ziklo konbinatuko zentral termikoak klima aldaketaren alde egingo lukeelako, gasak isuriz. Bestetik, Lemoizkoa ez delako "beste energia proiektu bat": "Osagai historikoak eta soziologikoak ditu. Zauri hori ezin da berriro ireki". Talde ekologistek zentrala dagoen lekuan egin beharrekoari buruzko eztabaida publikoa eskatu dute. Haien iritziz, "herritarrek gozatu eta erabili beharko lukete".
Espainiako Industria Ministerioko iturriak aipatuz, Lemoizko zentral nuklearraren lurrak lehiaketa publikoan ateratzeko oinarriak prestatzen ari zirela adierazi zuen otsailaren erdialdean Eitb24k. Martxoaren 28an, berriz, Lemoizko nuklearraren hondakinak dauden tokian ziklo konbinatuko zentral termiko bat egin nahi dutela baieztatu zuen Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak. Konpainia elektrikoak lehentasuna ei dauka, besteak beste, gas-horniketa hurbil duelako eta elektrizitateari irteera emateko azpiegitura daukalako zentral horrek. Dagoeneko 2005eko maiatzean asmoa hori zela iragarri zuen Madrlgo gobernuak. Aurretik ere, 2004ko uztailean, lur horietan, Iberdrolak 800 Mw-eko ziklo konbinatuko zentral elektrikoa (1.600 Mw-etara zabal daitekeena) jarri nahi zuela aipatu zuen orduko Bizkaiko Enplegu Sustapen eta Prestakuntzarako ahaldun Sabin Aranak, baina enpresak gezurtatu egin zuen. Argazkian, Lemoizko zentral nuklearreko inguruak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun