Etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute Berangoko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 18a, 14:49
Eguerdiko ordu batak aldera, Berangoko hainbat gaztek etxebizitza eskubidea aldarrikatu zuten atzo, larunbatarekin, udalerriko Kale Nagusian. Hotzari aurre eginez, neska-mutilek euren etxea jarri zuten kale erdian, pairatzen duten prekarietatea salatzeko asmoz. Berangon, abuztuan hasi ziren gazteak etxebizitza eskubidearen aldeko kanpainarekin: moskeo kanpaina, buzoneoa herri osoan, propaganda masiboa, ekimenak... Gauzak horrela, hilabete bakoitzeko azken larunbatean atzoko parodia errepikatuko dute, pairatzen duten egoera jasanezina delako, berangoztarren artean arazoa jendarteratzeko... Kanpainaren jarraipena egiteko erreminta komunikatibo bat jarri dute martxan: blogak.com/berangonbizi. Bertan informazioa eta orain arte egindako ekimenak aurkitu daitezke. Horrenbestez, dei egiten diete gazte berangoztarrei hurrengo parodiara joateko, abenduaren 29an. Argazkian, larunbateko ekimena.
Berangoko gazteek plazaratutako oharra:

Negozioa, ezintasuna, espekulazioa, etorkizun beltza, txikizioa, miseria, eskubide urraketa... hori da gazteoi burura etortzen zaiguna "etxebizitza" hitza entzutean. Sistema neoliberalak eta espainiar zein frantziar estatuek etxebizitza eskubidea pribilegio bihurtu dute, gutxi batzuen mesedeetarako eta probetxurako. Gazteoi kale gorrira kondenatu nahi gaituzte. Euskal Herria zementuz betetzen ari dira, ez gazteon eskubideak bermatzeko, pairatzen dugun prekarietatearen bitartez aberasteko baizik.

Berangok ere ez du espekulazio basati honetatik ihes egiten. Gure herriko etxebizitzak Bizkaiko garestienen artean daude eta egun, gazteoi, ezinezkoa egiten zaigu prezioei aurre egitea. Gure herritik kanpo bizitzera behartu nahi gaituzte! Gainera, egun gure herrian 589 etxebizitza huts ditugu, gazteok etxebizitza baten beharra dugun arren. Non biziko gara? Ditugun soldata prekarioekin nola lortuko dugu gure bizitza eraikitzea? Zein izango da gure etorkizuna?

Gure herriko gazteon errealitate gordinari konponbidea bilatu beharrean, Udalak luxuzko etxebizitzak eraikitzen jarraitzen ditu. Herri osoa desitxuratzeko asmoa dute, Lurralde Zati Planak Berangon 2000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten baitu. Gainera, Udalak bultzatu duen eraikuntza ereduarekin Berango lo egiteko herria bihurtu da: bizirik gabea, gazte girorik gabea, gero eta komertzio gutxiagorekin...

Ilusioa, eskubidea, amets egingarria, etorkizun oparoa, garaipena... Berangoko gazteon antolakuntzaz eta borrokaz, hori da gazteoi burura etorriko zaiguna "etxebizitza" hitza entzutean. Ez diegu gure kontura gehiago aberasten utziko! Pazientzia amaitu zaigu, ez gaituzte miseriara kondenatuko. Gazteon eskubideak ez daude salgai!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun