Fredi Paya: "euskokolismoa"

Euskaldunok pozik gaude. Gure leizeak garrantzitsuak direla esan digute kanpokoek. Eta atzerritarrek badiote, hala izango da. Ezer esan izan ez balute harrobi bat ipiniko genuke ondoan, leizeak lehertu eta Guggenheim berri bat eraiki. Artista atzerritarren lanak goza ditzaten atzerriko turistek. Gu inor ez baikara, atzerritarrek esaten ez badute. Ahaztu gabe dirudunak baino ez direla atzerritarrak, pobreak etorkinak dira. Herenegun pikutara bidali ninduen baserritar batek. Zaila da egin duen urtearekin egun eguzkitsuetan nekazariari patxada eskatzea. 84 urte baditu ere. Ilargiaren faseen nekazari lanen gaineko eraginarekin hasi nintzen, ezjakinen gauzak bere erantzuna. Elaiaren eta txepetxaren sinbologiarekin jarraitu nuen, lerdokeriak. Bataiatu gabeko umeak etxeko itoginaren azpian lurperatzeko ohitura zaharra, atzeratuen kontuak. Bere etxetik hurbil orain gutxi arte zeuden trikuharriak, eukaliptoa sartzeko apurtu genituen. Argazkia: Koska irratia.

Eta lamien inguruan itaundu nionean altxatu eta antzarak ferratzera bidali ninduen. Inori adarrik jo barik lana topa nezan aholkatzearekin batera. Inuxentekeriak alde batera utzita, nagusitxoa nintzela gauza horietan sinesteko.

Nire ingurura begiratu nuen, ia Unescoko inor ikusten nuen, andre hari azal ziezaion milaka urtetako kultura baten jakintzaren jabe zela. Aurkikuntza prehistoriko materialak ezin direla testuinguru kulturalik gabe interpretatu. Eta desagertzear dagoen nekazari gizartearen euskaraz transmititutako memoria dela testuinguru horretara hurbiltzeko era bakarra. Geure buruari buruz atzerritarrek baino idatzi ez duten herri honetan.

Inork ez du gogoratzen pertsonengan dagoela kultura gauzetan egon aurretik. Ekaingo margolariak berpiztuko balira, autopistetako marrak margotzen jarriko genituzke.

Fredi Payak gaur "Berria"n argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun