Arantza Urkaregi: "EHUko Klaustroan azaldu nahi nuena"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 31a, 14:26
Atzo Leioan bildu zen Klaustroaren aztergaien artean "Arau-hauste eta zigorren zerrenda" zegoen. Zerrenda horretan, arau-hauste arinak, larriak eta oso larriak, dagozkien zigorrekin batera, zehazten dira. Gaia aztertzen hasi nintzenean, burura etorri zitzaidan lehenengo galdera nori zuzenduta zegoen izan zen, hau da, irakasle, AZP eta ikasleei zuzenduta dago ala ikasleei bakarrik? Dirudienez, ikasleei zuzenduta omen dago, arau-hauste arinen artean, "ebaluazio-probetan kopiatzea" baitago (eta ados nago arau hauste hori jartzearekin), baina ez dago, esate baterako, "azterketa ikasle bati edo batzuei ebaluazio aurretik helaraztea". Eta zigorrez ari denean, ikasleak Unibertsitatetik kanporatzeaz ari da, ez irakasle bat edo AZPko bat kanporatua izateaz. Argazkian, atzo ikasleek Klaustroaren aurrean egindako protestaren aurka Delta segurtasun enpresako hainbat guardia borra luzagarriez oldartzen / Gaztesarea.
Irakasle eta AZPkoei dagozkigun arau-hausteak Funtzionario Publikoko Estatutuan zehazten direla diote, baina horien artean ez dago UPV/EHUko zerrendan arau-hauste oso larritzat hartzen den "Akademi arloko jarduerak indarrez oztopatzea edo etetea".

Segur aski zerrenda horretan agertzen diren zenbait arau-hauste zigortu beharrarekin bat egingo dugu guztiok, hala nola "Unibertsitateko kideren bati jazartzea, eraso egitea edo tratu txarra ematea".

Baina egon badaude hain argi ez dauden zenbait arau-hauste. Esate baterako, "Akademi arloko jarduerak indarrez oztopatzea edo etetea" arau-hauste oso larrien artean agertzen da, unibertsitario bati erasotzea baino larriagotzat hartzen da. Eta oso larria den arau-hausteari dagokion zigorra Unibertsitatetik kanporatua izatea da. Beraz, errektoreak hitz egiten duen bitartean, kartel bat atera edo oihukatzeagatik ikasle bat EHUtik kanporatuko al dugu? Eta, gainera, ezin izango du espedientea beste Unibertsitatera trasladatu zigor-aldiaren erdian!

Zerrendatzen diren arau-hausteen artean, egon badaude adierazpen-askatasuna eta disidentzia adierazteko eskubidea murrizteko arrisku handia dutenak. Aipatu dudan akademi arloko jarduerak indarrez etetea edota Unibertsitateko ondasunetan kalteak eragitea. Non amaitzen da adierazpen-askatasuna eta hasten da ekitaldi akademikoa indarrez galarazteko zigortu beharreko arau-haustea? Ados ez bagaude zenbait politika unibertsitariorekin, nola azaldu desadostasun hori? Itxialdi bat egitea ere debekatuta egongo da, Unibertsitateko instalazioak behar bezala ez erabiltzea baita?

Zalantza barik, zerrendatzen diren zenbait arau-hauste interpretagarriak dira oso. Horrelako zerrendak egiten direnean, ezin da utzi interpretaziorako zirrikiturik, zeren eta interpretaziorako aukera balitz beti segun nor dagoen agintean era ezberdinean interpretatuko baitira bai arau-hausteak bai dagozkien zigorrak.

Arau-hauste larri batek horrela dio: "Legezko aginduei gogor aurre egitea edozein dela ere bidea, baldin eta jarrera horrek unibertsitateko ohiko jarduerak gutxienez modu arinean asaldatzea badakar". Eta nork zehazten du zer den "gutxienez modu arinean asaldatzea"? Kartel bat ateratzeak asaldatzen du? Barberaren garaian egin genuen bezala Barbera kanpora bezalako leloa duen kamiseta bat eramatea asaldatzea da? Garai hartan, Barbera errektoreak ikasle bati kamiseta kentzeko agindu zion, orain arau-hauste larria izango da?

Gauza bera gertatzen da unibertsitateko ondasunetan eragindako kalteekin. Nork zehazten du zer den kalte arina edo kalte larria? Pintada bat egitea arina ala larria da?

Eta hau dena gutxi balitz bezala, arau-hausteak metatu egiten dira eta hiru arau-hauste arin arau-hauste larri bat bihurtzen dira, edo bi arau-hauste larri arau-hauste oso larritzat hartzen da.

Aipatu ditudan arrazoi hauek guztiak nahikoak dira ezetz esateko egiten den proposamenari, baina badaukat beste arrazoi nagusi bat: zer lortzen dugu zigor-zerrenda hau onartuta? Uste al dugu bide horretatik unibertsitateko elkarbizitza hobetuko denik? Nire ustez, ez. Zigor-zerrenda hau onartzen badugu, elkarbizitza bultzatu beharrean, kontrakoa egingo dugu. Egun, gure artean eta unibertsitario-kolektiboen artean ditugun diferentziak, iritzi ezberdinak... ez dira konponduko. Zigorrak ez ditu arazoak konpontzen.

Zalantza barik, joko-arauak adostu beharko ditugu guztion artean. Adierazpen-askatasuna, disidentzia... protestek ezin dituzte beste kolektiboen eskubideak zapaldu. Baina irtenbidea ez da bestelako iritzia duten ahotsa isilaraztea eta zigortzea. Horren inguruan hitz egin beharko dugu, adostasunak lortzeko ahaleginak egin beharko ditugu...

Badakit egiten dudan planteamendua ez dagoela modan. Bizi dugun gizartean gero eta murriztapen handiagoak daude adierazpen askatasun eta bestelako eskubideei dagokienez. Batzuek pentsatuko duzue gazteen kontua dela, baina hemen gauden askok zenbat aldiz moztu dugu ekitaldiren bat arazo bat salatzeko? Eta askok, nik barne, jarraituko dugu ekitaldi publikoetan gure salaketa egiten, nahiz eta zigortuta egon.

Egungo gizartean, zigorraren bidea da nagusi, baina Unibertsitateak, jakintza-gunea izanik, gatazkak konpontzeko bestelako bideak lantzeko eremua izan beharko luke. Zoritxarrez ez du ematen UPV/EHU horretarako prest dagoenik.

Azken oharra: ikasleek egindako protesta eteteko zinpekoek eta Ertzaintzak erabilitako indarraren aurrean, aurretik idatzitako guztia Klaustro aurrean normaltasunez adieraztea ezinezkoa egin zait eta, beste batzuekin batera, Klaustrotik atera naiz, proposamenaren kontrako nire boza eman gabe.

Arantza Urkaregi EHUko Klaustroaren mahaikideak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun