Batasun uharte bat Ercilla hotelean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 13a, 22:13
Atzo (otsailak 12) goizean euskara eta euskal kultur munduko ordezkaritza oso zabala bildu zen Bilboko Ercilla Hotelean, eta bi mezu nagusi atera ziren bertatik. Bata bertaratutakoek eskainia, Egunkaria auziko auzipetuek euskal gizarteko gehiengo zabalaren sostengua dutela. Bestea, auzipetuek helarazitakoa, epaiketa hori euskalgintza osoaren aurkako epaiketa dela eta zigorra gailenduz gero, euskalgintzako beste elkarte edo erakunde batzuek zigortzeko jurisprudentzia finkatuko dela. Argazkian, Leioa eta Erandioko campusean "Euskaldunon Egunkaria"-ren aldeko itxialdi batean parte hartzeagatik, desobedientzia zibila leporatzen zieten EHUko 38 ikasle eta irakasleari eskerrak emanez, kazetako langile ohiek Getxoko epaitegiaren aurrean 2004ko urtarrilean egindako elkarretaratzea.
Horiez gain, gerturatu zen jende asko eta askoren artean ibili ziren antzeko iruzkinak: “Zenbat jende etorri den!”, “Ez da gutxiagorako, gainera bizi ditugun garaiekin...”, “Ea hurrengoan nor den”, ezker abertzalearen aurkako bezperako sarekadari erreferentzia eginez; “EAJko kupula osoa etorri da, e?”, “hauteskundeak dituk eta”. Beste halakoak ere entzun nituen: “Noiz arte hau?”, “Hi, hala ere nahiago Zapatero, PPk irabazten badik, presta gaitezen”, “Haserre nago bizi dugun egoerarekin, haserre politikariekin, horrela nora goaz bada?”

Jendetza eta ordezkaritzarena ez zen txantxetakoa, Esparru politikotik, PP eta PSOEko jendea kenduta, gainerako guztiak zeuden. Eta auzipetuen artean bazen esaten zuenik, “bai, egoera gogorra bizi dugu, baina halako sostenguak indarra ematen du, eramangarriagoa da”. Indarra sumatzen zen Ercilla Hoteleko sotoan, euskal kulturako ordezkariak eta gizarte eragileak barra-barra, instituzioetakoak, sindikatu, alderdi... EAJren ordezkaritza deigarria zen: Ariztondo, Ardanza, Bilbao, Erkoreka, Egibar... LABeko Diez eta Ariznabarreta baziren ere, Ezker abertzaleko aurpegi ezagunen falta zen kontrastea, joango zirela konfirmatu zutenak atxilotuta zeuden.

Eta epaiketari dagozkionak? Egunkaria auziak dituen bi ataletatik, atal ekonomikoa lehenago joango ei dela eta, ikuspegi juridikotik prozedura laburrekoa denez, azkar izan daitekeela. Azkar zer den ordea, ez dago batera garbi, batetik hauteskundeetan zer gertatzen den ikusi behar da eta, bestetik, apirilean Gestoretako auzia hasiko da eta ez da orain arteko ohitura izan halako auzi bi batera eramatearena. Baina ba ei da larria atal ekonomikoari lehentasuna ematea, hor zigorrak ematen badira, auzi nagusian ere errazago zigortu ahal izango delako. Zigorra buruan.

Eta jendea oso pozik atera zen aretotik, eta eguneroko bereari berrekin, banaketaren erresuman batasun uharteek jendea pozik jartzen dutelako. Pozarren. Lan ederra Egunkariaren Alde Elkartearena.

Ikusi agiriak:

Euskalgintzaren adierazpena (pdf)
Babes taldearen adierazpena (pdf)

Xabier Letonak gaurko Sareko Argian plazaratutako albistea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun