Bittor Egurrola: "2003-02-20 egun triste hura"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 21a, 21:41
"Egunkaria"-ren itxiera urteurrena dela eta, hona hemen neure buruan dabiltzan zer batzuk: Euskara. Iritzi askatasunaren, euskalgintzaren eta euskararen defentsak bildu gintuen guztiok Donostian, manifestazio erraldoi eta zoragarri hartan. Euskara gai izan zen euskaldun guztiok elkartzeko. Orain hobe litzateke ezer ez gertatzea, baina, zerbait gertatzekotan, azkenaldian injustiziari erantzuteko ikusi den batasunik eza (Ibarretxeren auzia, 18/98ko sumarioa, Atutxa/Knör/Bilbaoren epaia, alderdi biren ilegalizazioa...) ez dadila errepika. "Egunkaria"-k, "Egunkaria"-ren auzipetuek eta euskarak berak elkartasun bateratua merezi dute; ahal bada, orain bost urtekoa baino sendoagoa. Argazkian, atzo Andoainen egindako elkarretaratzea / Egunkariaren Aldeko Elkartea.
Tortura. Egunkari baten itxiera oso larria da, baina egunkari horretako arduradunak atxilotzea eta torturatzea askoz larriagoa. Nik ez dakit ongi neurtu zuten tortura horien oihartzuna. Dena dela, askok egin genion/egiten diogu geure buruari galdera: horrelako pertsonak, publikoki oso ezagunak, torturatu badituzte, zer gertatzen ote da beste kasuetan?

Joseba Azkarragak, Endika Zinkunegiz ari zela, hauxe zioen iaz: "(...) Zer gertatzen da Madrilgo ziegetan? (...) Zuzenbidezkoa dela dioen estatu batek ezin du beste aldera begiratu telebistan denok ikusi genituen irudien modukoak ikusi ostean". (Berria)

Horri buruz, benetan harrigarria "Egunkaria"-n bertan itxi bezperan (2003-2-19an) agertutakoa: "Funtsezkoena inkomunikazioa ez erabiltzea eta atxilotuari komisarian konfiantzazko abokatuarekin deklaratzeko eskubidea aitortzea da".

Irakurle kopuruak gora. Gertatutakoa gertatu eta gero, irakurle kopuruak gora egin zuen. "Egunero" hurrengo egunean kaleratu zen, 2003-2-21ean, eta 50.000 aleak goizean agortu ziren, baina Egunero-ren batez bestekoa 23.000 alekoa izan zen; ez zen, beraz, lehen eguneko beroaldiaren erdira heldu. Dena dela, Egunkaria-rena baino 8. 000 gehiago. Pozgarria da irakurle kopuruak gora egitea, baina ez honela. Prezioa garestiegia izan zen: egunkari baten itxiera eta arduradunen atxiloketa/tortura.

Erantzuna. Ez dut pentsatu ere egin nahi honelako astakeria judizial bat (280 urte eta 234 milioi euro) gauzatuko denik, baina Atutxa/Knör/Bilbaorena, 18/98koa, Ibarretxerena, alderdiena... gertatu ondoren, kontuz ibiltzeko garaia dugu hau.

Arazoa da nola erantzun, zer egin hiruzpalau epaileren protagonismoaren/gehiegizko boterearen aurrean. Auzipetuen egoera okerrera badoa, Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaindiak eta Kontseiluak, hirurok batera zerbait gidatu beharko lukete; ez dakit zer, baina zerbait. Eta ez dut uste utopikoegia naizenik hori eskatzeagatik. Euskararen aurkako erasoa da hau, euskaldun guztion aurkakoa. Euskarak ez bagaitu batzen, gureak egin du.

UK aldizkariko kolaboratzaile, eskualdeko euskaltzale porrokatu eta Algortako Egunkariaren aldeko batzordekide izandako Bittor Egurrolak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako gutuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun