IA: "UPVko hauteskundeen inguruan egiten dugun balorazioa"

Hiru dira atzokoaren inguruan esan nahi ditugunak: jazotakoaren balorazioa, salaketa eta hausnarketarako gonbitea: Alde batetik, atzoko hauteskundeak Juan Ignacio Perezek azken urteetan mantendu duen politikaren neurgailu bezala ulertuta, argi gelditu da unibertsitateko komunitatearen iritzia. Alde batetik, irakaslego eta AZPko langileriak, hauteskundeetan Iñakori ezezkoa emateko parte hartzea erabaki dute. Bestetik, eta batez ere, ikasleriak Iñako bere lekuan jarri du %97ko abstentzioarekin. Asteartean eginiko agerraldian errektoregaiak ikasleak bozkatzera deitu zituen “biolentoak” bere lekuan jartzeko. Ikasleriak dei honi erantzun dio, baina ulertu du, unibertsitate honetan bortitzak eta inposatzaileak bere lekuan jartzeko bidea ez zela bozkatzea, abstenitzea baizik.

Zentzu honetan, atzoko hauteskunde egunean emandako abstentzio masiboa azken urteetan ikasleriak Bolognaren aurka garatu duen borrokaren erakusle da. Ikasleok gure hitza hartze bidean, garrasi egin genuen atzo, 46.632 ikasleren oihua da atzokoan hauteskunde eguna markatu zuena. Hori dela eta, gure zorionik beroena borrokan tinko dihardugun ikasleoi eta atzokoan abstentziorako hautua egin genuen guztioi. Gurea da hitza! Bologna gelditu beharko dute!

Bestetik, ezin ditugu hauteskunde antidemokratiko hauek salatu gabe utzi. Bere burua demokraziaz mozorrotu nahi den unibertsitate honetan hauteskundeak haztatuak dira, hau da, ez da demokraziaren oinarri den sufragio unibertsala ematen, pertsona guztien botoak ez du berdin balio. Zehazki, UPVko agintariek horrenbeste arbuiatzen zuten OLUak zehazten duen bezala, 1.813 irakasle katedradun inguruk erabakiaren pisuaren %51 duten bitartean, 48.076 ikaslek erabaki horren %20 soilik dute, hots, irakasle katedradun bakoitzaren botoak 68 ikaslerenak bezain beste balio du. Batzuek erabaki hau normaltzat hartzen dute, ikasleak unibertsitatean urte gutxi batzuetan soilik egoten garela argudiatuz. Argudio hau ezin dugu inondik inora onartu eta sufragio unibertsala demokraziaren oinarritzat aldarrikatu behar dugu. Izan ere, herritarren ordezkaritza politikoa erabakitzeko egiten diren hauteskunde munizipal, autonomiko eta hainbatetara argudio berbera estrapolatuz, hiltzeko zorian diren herritarren botoak eta gazteenak baina askoz gutxiago beharko luke, eta honi, normala denez, guztiz antidemokratikoa iritziko genioke denek.

Haztatzeaz gain, hauteskunde hauen izaera antidemokratikoa agerian gelditzen da indar armatuek hauteslekuetan, arazorik ez dela, zaindu behar duten momentutik. Unibertsitateak askatasunaren egoitza behar luke izan, eta hori, bere izaera demokratikoak bermatzen ahal dio soilik. Unibertsitatea antidemokratikoa den bitartean, indar armatuak, indarra eta biolentzia beharko ditu normaltasuna bermatzeko. Atzoko argazkia da unibertsitatearen izaera ez demokratikoaren argudiorik argigarriena.

Bukatzeko, egungo unibertsitateko agintariak, eta hautagai ezberdinak, hausnarketara gonbidatu nahi ditugu. Hausnartu dezatela ikasleriaren jarreraren inguruan. Hausnar dezatela %97ko abstentzioaren esanahiaren inguruan. Pentsa dezatela ikasleek zergatik egiten dieten muzin zuzenean kontrakotasuna erakusten ez dutenean. Pentsa dezatela ikasleok unibertsitatean izan beharko genukeen parte hartzeaz eta paperaz. Hausnar dezatela unibertsitatearen demokrazia koten inguruan eta bortitzak klaseetan edo bulegoetan dauden ondoriozta dezatela. Hausnar dezatela unibertsitateetan ematen ari den gatazkaz, eta beronen gaindipenerako formulazio demokratikoaren inguruan. Zabal dezatela behingoagatik eztabaida parte hartzaile eta erabakitzaile bat, eta bitartean, geldi dezatela Bologna Prozesuaren aplikazioa. Pentsa dezatela guzti honen inguruan, berriz agerian gelditu nahi ez badute.

Ikasle Abertzaleak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun