Euskararen gaineko ikastaroa eskainiko dute lehenengo aldiz Deustuko Unibertsitateko Kultur Aisia jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 6a, 18:32
“Hizkuntza zahar, hizkuntza berri (euskararen berri)” izeneko ikastaroa eskainiko du aurten Deustuko Unibertsitateko Kultur Aisia egitasmoak, Getxoko Udalarekin elkarlanean eskainiko duen ikastaroetako bat. Ekimen horretako ikastaroak kultur kezkak dituztenei daude zuzenduta, edozein adinetakoak izanda eta aurretiazko titulaziorik gabe, udal iturriek adierazi dutenez. Izan ere, helburuen artean, jakintza humanistikoetan sakontzea, kultur ondareaz gozatzea eta gaur egungo idazleak ezagutzea daude. Aurten izango da aipatutako ikastaroa eskainiko duten lehenengo aldia eta horretan, besteak beste, euskararen jatorria, euskal idazle klasikoen ekarpena, euskara batuaren sorrera, euskararen egungo mapa soziolinguistikoa, mitologia eta etorkizuneko erronkak jorratuko dituzte. Irakaslea Xabier Monasterio izango da eta ikastaroa urriaren 14an, 21ean eta 28an, azaroaren 4an, 11n, 18an eta 25ean eta abenduaren 2an, 9an eta 16an (asteartetan), emango dute Algortako Villamonteko kultur etxean, 19:00etatik 20:30era. Argazkian, Monasterio erdian, Bilbo Hiria irratiko Soinugela saioan Rafa Rueda musikariarekin eta Pedro Elias Igartua musikan adituarekin izandako solasaldian / Sarean.com
2008/2009ko ikasturtearen lehenengo seihilabetekoan eskainiko dituzten beste ikastaroak honako hauek izango dira: “Entender y disfrutar la opera. Un lujo al alcance de todos”, “Ciudades en la historia: la ciudad y las personas” eta “El Quijote: aprender a disfrutar de un clásico” titulupekoak. Ikastaroen prezioa 30 eurokoa da getxoztarrentzat eta 45ekoa udalerrian bizi ez direnentzat. Izen-emateak eta informazio gehiago eskatzeko Villamonteko kultur aretoko 944 914 080 edo Deustuko Unibertsitateko 944 139 075 telefono zenbakietara dei dezakete interesatuek. Izena emateko epea datorren urriaren 13an amaituko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun