Gizonezko edo emakumezko langabetua izatea ez da gauza bera Lanbide Heziketako ikasleen ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 7a, 22:06
Lanbide Heziketako ikasleek generoaren ikuspuntutik langabeziaz duten irudia ikertu du EHUn aurkeztutako ikerketa-lan batek. Ikerketa horren emaitzek zeresan handia dute gazteen lanbide-orientazioan. Horregatik, sinismen horiek gazte horien etorkizuneko aukera eta jokabideetan izan dezaketen eragina planteatzen du. Lana, edo lanik eza, egungo gizartea gehien larritzen duen gaietako bat da. Bai kontzientzia kolektiboan, bai eztabaida politikoan, iritzi publikoan nahiz mendebaldeko ikertzaileen artean, oso hedatua dago uste hau: lana izateak integratu egiten du, langabeziak, ordea, marjinatu. Lanbide-orientazioaren alorrean erronka berriak azaltzen dira langabeziaren datuak aztertzearen ondorioz —emakumeen langabeziari buruzko datuak gizonezkoenari buruzkoak baina altuagoak dira oraindik ere—, eta horrek generoen arteko desberdintasunen inguruan hausnarketak eragin ditu. Bide horretan, bereziki garrantzitsua da gazteek langabeziarekiko duten irudikapen soziala, zehazki, langabezian dauden gizon eta emakumei buruz duten irudia. Argazkian, tesiaren egilea, Maider Larrañaga Eguilegor.
Gai hori landu du Maider Larrañaga Eguilegor doktoreak bere doktore-tesian, “Langabezia femeninoa eta maskulinoa: genero-asimetria langabeziaren irudikapen sozialean” izenburupean. Lan horretan genero asimetriaz dihardu. Bereziki, gizartea egituratzen duten menderatze-erlazioen ondorioz sortzen den asimetria lantzen du ikertzaileak. Erlazio androzentriko horrek gizonezkoen menderatzea mantentzen laguntzen du, irudikapen-sistema jakin batzuk bideratuz. Larrañaga Eguileor Psikologian lizentziatua da eta, egun, EHUko Psikologia Fakultateko Gizarte-Psikologia eta Jokabide-Zientzien Metodologia Saileko irakaslea da. Aurkeztu duen tesia Jose Francisco Valencia Garate doktorearen zuzendaritzapean burutu du, fakultate eta sail berdinekoa. Doktore-tesia egiteko, Probentzako (Aix-Marseille I) Unibertsitatearekin lankidetzan aritu da, hango Psikologia Fakultateko Gizarte- eta Lan-Psikologia Sailarekin, hain zuzen.

Genero sistemaren rola

Ikerketa horren helburu nagusia izan da gazteek langabeziari buruz duten irudikapenean generoak jokatzen duen rola aztertzea. Horretarako, hiru populazio-lagin hartu dira: bi frantziar estatukoak —Aix-en-Provence eta Baiona-Bidart— eta espainiar estatuko bat —Irun—. Galdera sorta desberdinak egin dira hainbat unibertsitate-institututan, teknologia-eskoletan eta lanbide-heziketako zentroetan. Guztira, 650 lagunek parte hartu dute —392 emakumezko eta 357 gizonezko—, batezbesteko 20-21 urte bitartekoak.

Galdera sortetan langabezia orokorarri buruzko galderak egin dira, baita langabezian dagoen pertsona jakin bati buruzkoak —langabezian dagoen emakume bat eta gizonezko bat—. Galdera sorta horiek lau teknika desberdinetan oinarritu dira: ideien asoziazio askea —irudikapenaren antolaketa eta edukia aztertzeko—, karakterizazioa —elementu edo kontzeptu bakoitzari ematen zaion garrantzia edo hierarkia aztertzeko—, ordezkapena —irudikapena zuzentzen duen arau-sisteman sakontzeko— eta ezeztatzea —irudikapenaren erroa kontrolatzeko eta horren egitura aztertzeko—.

Sistema androzentrikoa

Galdera sorten emaitzetan oinarrituta, ikerketak erakusten du langabezia orokorrak, gizonen eta emakumeen langabeziak, ezaugarri nagusi berdinak dituztela. Horrela, langabeziaz duten irudikapena bat dator definizio instituzionalarekin —lana ez duen eta baten bila dabilen pertsona da langabetua— eta egoera horrekin lotutako zailtasunekin, hala nola zailtasun ekonomikoekin, familiakoekin nahiz larritasun edo estresarekin.

Baina badira gizonen eta emakumeen langabeziaren arteko desberdintasunak, ikertzailearen iritziz langabeziaren irudikapen sozialak eragiten duen genero-asimetriaren ondorio direnak. Gizonen langabeziaren kasuan, banakako dimentsioak garrantzia hartzen du. Emakumeen langabezian, ordea, egoera horren ondorio indibidual nahiz ekonomikoek indarra galtzen dute, eta emakumeak familiarekiko, etxearekiko eta seme-alabekiko duen rol tradizionala nabarmentzen da.

Bukatzeko, gizonek eta emakumeek langabeziaren irudikapen bera dutela nabarmentzen du ikerketak. Hau da, langabezia generoen arteko asimetriaren arabera antolatua dago eta emakumeen langabeziarekiko gizarte-tolerantzia eragiten du horrek. Sistema androzentrikoak, gizonen eta emakumeen langabezia bereizteaz gain, erlazio asimetriko hori mantentzea errazten eta justifikatzen du, eta gizonen nagusitasunari eusten laguntzen du. Horrela, betikotu egiten dira estereotipoak eta gizarte-sistema justifikatzen da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun