Euskal Herrian girotutako lehenengo erdi aroko azoka egingo dute asteburuan Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 7a, 22:34
Berangok Euskal Herriko Erdi Aroari Buruzko I Euskal Azoka Tematikoak hartuko du asteburu honetan, hilak 18 eta 19. Baina Berangoko Udalak eta Basque Power kolektiboak antolatutako azoka ez da Algortan, Erandion, Sopelan edo aurretik Berangon bertan ikusi ahal izan direnak bezalakoa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "sinbolikoki eta historikoki zaindua, didaktikoa eta euskalduna" izango da Berangon ezarriko duten erdi aroko lehenengo azoka tematikoa. Izan ere, "Gernikan, Gasteizen edo Fuenlabradan (Madril, Espainia)" eginda ere, ohiko erdi aroko azokak guztiak "molde berarekin eginak" daudela eta "hurrenez hurreneko herriko historia kontuan izan gabe" burutzeagatik kezkatuta abiatu zuten ekimena hau. Berangora hurbiltzen dena, Euskal Herriko historiako saioak aditu, bertsolariak entzun, eta Ezkerraldeko, Iruñeko eta Erandioko animatzaile, aktore eta ezpatari ikusi ahal izango ditu, besteak beste.
Euskal Herriko Erdi Aroari Buruzko I Euskal Azoka Tematikoaren egitaraua:

Urriak 11, zapatua:
- 11:00etan, irekiera.
- 11:30ean, pregoia eta irekiera ofiziala.
- 12:00etan, erdi aroko euskal kale animazioa, Ezkerraldeko Xukelak taldearen eskutik.
- 12:00etan, erdi aroko ezpata borroka, Bizkaiko Eskrima Zaharreko Elkartearen eskutik.
- 12:30ean, kale antzerkia, Iruñeko Donibane auzoko Ahari kultur taldearen eskutik.
- 12:30ean, falkoneria saioa.
- 13:00etan, historia kontalaria: "Bizkaia erdi aroan".
- 13:30ean, bertsolariak.
- 17:00etan, ipuin kontalaria: "printzesa eskoziarra".
- 18:00etan, erdi aroko euskal kale animazioa, Ezkerraldeko Xukelak taldearen eskutik.
- 19:00etan, erdi aroko ezpata borroka, Bizkaiko Eskrima Zaharreko Elkartearen eskutik.
- 19:30ean, historia kontalaria: "Bizkaia nafar erresuman".
- 20:00etan, kale antzerkia, Iruñeko Donibane auzoko Ahari kultur taldearen eskutik.

Urriak 12, igandea:
- 11:00etan, irekiera.
- 11:30ean, erdi aroko euskal kale animazioa, Ezkerraldeko Xukelak taldearen eskutik.
- 12:00etan, kale antzerkia, Iruñeko Donibane auzoko Ahari kultur taldearen eskutik.
- 12:00etan, falkoneria saioa.
- 12:30ean, erdi aroko ezpata borroka, Bizkaiko Eskrima Zaharreko Elkartearen eskutik.
- 13:00etan, historia kontalaria: "ezagutzen al dogu gure historia?".
- 13:30ean, bertsolariak.
- 17:00etan, ipuin kontalaria: "printzesa eskoziarra".
- 18:00etan, erdi aroko euskal kale animazioa, Ezkerraldeko Xukelak taldearen eskutik.
- 19:00etan, erdi aroko ezpata borroka, Bizkaiko Eskrima Zaharreko Elkartearen eskutik.
- 19:30ean, historia kontalaria: "erdi aro nafarra edo Gaztela?".
- 20:00etan, kale antzerkia, Iruñeko Donibane auzoko Ahari kultur taldearen eskutik.

Antolakuntzaren oharra:

Ez da gauza berria Euskal Herrian Erdi Aroari buruzko azoka bat izatea, aspaldian Estatu mailan zenbait enpresek horretan dihardute eta. Baina orain arte hauetako enpresa batzuen ikuspegi historikoa ez da batere zaindua izan. Hara hortik gure kezka. Berdin da azoka Gernikan, Gasteizen edo Fuenlabradan (Madril, Espainia) egitea; anbientazio historikoa, erreferentzia sinbolikoak, partaidetza, ekitaldiak... denak molde berarekin eginak daude, hurrenez hurreneko herriko historia kontuan izan gabe eta horregatik sarritan gure historiarekin, euskaldunonarekin, loturarik gabekoak izan dira.

Hori dela eta proposamen berri bat prestatu dugu: Euskal Herriko Erdi Aroari Buruzko I. Euskal Azoka Tematikoa. Sinbolikoki eta historikoki zaindua, didaktikoa, euskalduna; erosteaz eta gozatzeaz gain, gure erdi aroa ezagutzeko, azoka eguna aitzakia ederra izan daitekeelakoan gaude.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun